Kostaldea eta barrualdea ezagutzeko autobus turistikoa jarri du abian Aldundiak

Baleike.eus 2017ko uzt. 5a, 11:51
(Gipuzkoako Foru Aldundia)

Asteburu honetan jarriko da egitasmoa martxan. Kostaldeko autobusa Zarautzera, Zumaiara, Getariara eta Azpeitia-Loiolara joango da; eta barnealdekoa, berriz, Tolosara, Ordiziara eta Oñatira. Bidaiariek hiru geldialdi egiteko aukera izango dute ibilbideko herriak bisitatzeko.

Ekimen pribatu bat da, Foru Aldundiak sustatu duena, eta helburua da Donostiara iristen diren turistei lurraldeko zenbait puntu ezagutzeko modu erakargarri eta eroso bat eskaintzea.

“Pixkanaka zenbait azpiegitura eta plan egituratzen ari gara, bidaiariei gure lurraldea ezagutzeko aukera errazak eskaintzeko. Horrek guztiak lagunduko du hiriburuan dagoen turismo metaketa arintzen, bidaiarien egonaldia luzatzen eta turismoak dakarren aberastasuna leku guztietara zabaltzen. Une honetan, garrantzitsuena ez da turista gehiago etortzea, baizik eta turistak lurraldea ezagutzea eta hobeto banatzea", esan du Denis Itxaso diputatuak gaur goizean Donostian egin den aurkezpen ekitaldian.

Barnealdeko ibilbidea martxan egongo da uztaileko, abuztuko eta iraileko larunbat guztietan, baita abuztuaren 15ean ere. Kostaldeko ibilbidea, berriz, uztaileko, abuztuko eta iraileko igande guztietan eta uztailaren 31n eta urriaren 1ean. Autobusak 8:30ean, 10:30ean eta 12:30ean aterako dira Donostiatik. Kostaldeko azken autobusa 17:50ean iritsiko da Donostiara eta barnealdekoa 18:30ean.