Yuri Berchichek PSGn jokatuko du datorren denboraldian

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 7a, 18:46
Yuri Berchiche aurkezpenean (PSG)
Realak Frantziako Paris Saint-Germainekin akordioa lortu du.

uri Berchiche (Zarautz, 1990) futbolariak Frantziako ligako PSG taldearekin jokatuko du datorren denboraldian. Realak gaur arratsaldean esan duenez, akordioa egin du Paris Saint-Germainekin. Zarauztarrak Parisen azterketa medikua egin du, eta ondoren sinatu dute kontratu berria. Realak azken denboraldietan klubean erakutsitako “profesionaltasunagatik” eskerrak eman dizkio Berchicheri, eta onena opa dio etorkizunean.

Antiguokoren, Realaren eta Athleticen harrobietan arrakastarik izan ez, eta Ingalaterrarako bidea hartu behar izan zuen Berchichek soilik 16 urte zituela. Bi urteren buruan itzuli zen Espainiako Ligara. Valladoliden aritu zen lehenik, Real Unionen gero, eta orduan jaso zuen Realaren eskaintza. “Azkeneko trena zela iruditu zitzaidan, eta bizimoduari buelta eman nion”. Realak utzita Eibarren bi sasoi distiratsu egin ondotik, Donostiako taldean hiru denboraldi egin ditu zarauztarrak.