Sexu erasoei erantzuteko "protokolo bateratua" adosteko eskatu dio mugimendu feministak udalari

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 9a, 15:03
Ehunka lagunek osatu dute babes katea gaur eguerdian, malekoian (Aritz Mutiozabal).

Sexu erasoek Zarautzen ez dutela lekurik irudikatzeko babes katea osatu dute ehunka herritarrek malekoian, herrigunea eta kanpina lotzen dituen ibilbidean, Zarauzko Mugimendu Feministak antolatuta. "Ezinbestekoak direlako herritarron arteko aliantzak egoera bidegabe honi aurre egiteko", nabarmendu dute mugimendu feministako kideek, ekitaldi amaieran Borghetton egindako irakurraldian.

Giza katea Munoa plazatik abiatu da 12:00ertan, eta malekoi osoan luzatu da. Hain justu ere, eremu horretan jarri nahi izan du atentzioa mugimendu feministak: "Aisialdiarekin lotzen ditugun guneak batzen ditu ibilbide horrek; kanpina, opor tartearekin lotuz; hondartza, udako elkargune garrantzitsua izanik; herrigunea, gaueko aisialdiaren gune nagusienetakoa izanik. Emakumeok, bereziki emakume gazteok, gune hauetan aske ibili nahi dugu, egunez zein gauez, olatuez gozatu nahi dugu, dantza egin nahi dugu, abestu, paseatu... beldurrik izan gabe, atzera begira egon gabe". Mugimendu feministatik lanean jarraituko dutela adierazi dute "espazio publiko seguru eta askeak" eraikitzeko, "emakumeon boteretze eta ahalduntzea erdigunean jarriz".

Uda garaian jende asko bertaratzen dela herrira eta biztanle kopurua hirukoiztu egiten delka gogora ekarri dute. "Faktore eta zirkunstantzia hauek lanketa berezi bat eskatzen dutela uste dugu eta horregatik erakundeei neurri zehatzak hartzeko eskatzen diegu, bereziki Zarauzko Udalari". Gauzak horrela, mugimendu feministatik ondorengo proposamenak egin dizkiote udalari, "gure lanerako prestutasun eta elkarlanerako gonbitarekin batera":

  • Zarauzko Mugimendu Feministarekin elkarlana oinarri harturik, "horrelako gertaeren aurrean erantzungo duen protokolo bateratua" adostu dezan eskatu diote Zarauzko Udalari.

  • Uda garaian jendea batzen den guneen "lanketa berezia" proprosatzen dute:
    Alde batetik, kanpin eta hotel nahiz ostatu nagusietarako informazio orriak prestatzea hizkuntza anitzetan, "azalduz zarautzen jarrera sexistek ez dutela lekurik eta jarrera positibo eta lagungarriei garrantzia emanez". Emakumeei zuzenduriko hainbat laguntza azalpen ere jasotzea proposatzen dute, larrialdietarako zenbakia eta udal zerbitzuen azalpena kasu.

    Bestetik, hondartzako bozgorailuetatik hizkuntza ezberdinetan eraso sexisten kontrako mezuak helaraztea.

    Azkenik, mugimendu feministarekin elkarlanean festak antolatzen jarduten duten komisio eta batzorde, kultur ekimen, ostalaritzako talde zein antzerakoekin elkarlana bultzatzea, "protokoloak adostuz eta aisialdi eremu askeak sortze bidean pausoak emanez".

  • Herriko autobus zerbitzua gaueko ordutegietara zabaltzea exijitzen dute. Uda garaian egunero eta gainontzeko sasoietan asteburuetan, ostiral zein larunbatetan.

  • Hezkuntzan "programa sendoak "eratu eta "irakasteko beharrezkoak diren baldintzak" sortzea eskatzen du, "eta programa hauek bururaino gauzatzea".

Mugiumendiu feministak uste du neurri horiek "hurrengo egunetan hartuak" izan behar direla, "erabat egingarriak eta bideragarriak" direlako. "Emakumeen askatasunean inbertitu" dezala eskatu diote udalari. "Izan ere ,uste dugu indar polizialak areagotu edo kontrola handitzea ez dela bidea. Askatasunean bizitzea dugu aldarri, eta horren oinarria ezin da mugapena eta kontrola izan".

Erlazionatuak