Bertsoz beteko dituzte kaleak ostegunetik larunbatera

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 12a, 14:27
Larunbat eguerdian hasiko dira Txepelketa jokatzen, tabernaz taberna.

Urtero legez, Motxian bertso eskolak Bertso Astea antolatu du. Besteak beste, bertso musikatuak, bertso pilota erronka eta Txepelketa izango dira.

Aurten 20 urte bete ditu Motxian bertso eskolak, eta "ahalik eta jende gehien" bildu nahi dute Bertso Astean. Ostegunetik larunbatera ospatuko dute eta, ohi bezala, askotariko ekitaldiak izango dira herriko kaleetan, guztiak bertsolaritzarekin lotuta.

Ostegun gauean emango diote hasiera Bertso Asteari. Bertso musikatuen emanaldia izango da Torre Luzeako parkean, Iñaki Eizmendi Basarri bertsolariaren bustuaren parean, 22:00etan hasita. Emanaldiaren amaieran, Eonaixilik lehiaketako sari banaketa izango da. Aurten 100dik gora bertso jaso dituzte, eta "oso pozik" agertu dira antolatzaileak. "Aurreko urteetan jendeari kosta egin zitzaion parte hartzea. Aurten, ordea, jende askok erantzun die jarri genituen bi puntuei; batzuek bakarrari erantzun diete, eta izan dira puntu-erantzunen ordez egindako bertsoak eta olerkiak ere", nabamendu dute.  Hala, parte hartzea "txalotzeko modua" izan da. Horien artean, Agure Kuadrilla gailendu da, eta aipamen bereziak egin dizkiete Aroa Aranari eta Iñigo Eizagirreri.

Ostiralean, berriz, III. Bertso Pilota Erronka eta bertso saioa izango dira. Frontoi Txikin egingo dute III.bertso pilota desapiyua, 19:00etan hasita. Bertso saioa, berriz, Torre Luzeako parkean–eguraldi txarra eginez gero, Modelo aretoan– izango da, 22:00etatik aurrera. Miren Amuriza, Igor Elortza, Beñat Jauregi, Agin Laburu, Unai Mendizabal eta Danel Olanok eskainiko dute bertso saioa, eta Ibon Aristik egingo ditu bertso jartzaile lanak.

Azken egunean, larunbatean, Bertso Eguna ospatuko dute. Ohi bezala, 10:30ean hasiko dute eguna, hamaiketakoarekin Modelo parean. Ondoren, Txepelketa hasiko dute. Tabernaz taberna joango dira, bertsoak botaz. 15:00etan, bazkaria eta final handia izango dira Egoki tabernan.