Bainularien segurtasuna eta hondartzen zaintza sustatzeko ekimenak, martxan

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 12a, 19:03
Hilaren 18ra arte egongo da zabalik informazio puntu ibiltaria.

Zarautzen jarri dute martxan Ekosystem bideo monitorizazio sistema pilotua, erabiltzaileei buruzko datuak ezagutzeko eta hondarraren banaketa ikertzeko. Era berean, informazio puntu ibiltaria ezarri dute Munoan, hondartzen erabilera eta zaintza arduratsua sustatzeko. Hilaren 18ra arte egongo da ikusgai.

Gaur goizean aurkeztu dute Kostasystem bideo monitorizario sistema. Zarautzen jarri dute martxan proiektu pilotua, aurrez Santa Barbaran kokatuta dauden lau kamerak baliatuz. Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri du abian eta Aztik garatu du aplikazioa. Horren bidez, hondartzen kudeaketa nahiz sorospen lanak hobetzeko informazio osoa jasoko dute. Batetik, hondartzako eraibiltzaile kopuruari buruzko datuak eskuratuko dituzte, dentsitatea, alegia. Horrek lagunduko du uda denboraldietan zerbitzuen plangintza egokia egiten, baliabideak hobetko banatzen zein eskariari nahiz eskaintzari egokitutako zerbitzu ona ematen.

Bestetik, kamerek hartutako irudien bitartez, arriskuen planoak osatuko dituzte. Olatu guneen zein itsasaldien inguruko informazio osagarria eskuratu ahalko da, hala. Modu horretan, sorospen eta salbamendu zerbitzuek hondartza mugatuko dute, erabiltzaileak modu seguruan bainatu daitezen.

Era berean, hondartzaren morfologiaren jarraipena egiteko balioko du. GPS baten bitartez, hondarraren banaketa aztertuko dute horrela. "Hobekuntza hauekin guztiekin herritarrei kalitatezko eta bikaintasuneko zerbitzua eskaini nahi diegu, eta gure hondartzen egoera beti onena izatea lortu nahi dugu", nabarmendu du Jose Ignacio Asensio aldundiko Ingurumeneko diputatuak. 

 Hondartzen zaintza bultzatzeko informazio puntua, Munoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak probintziako hondartzen ardurazko erabilera iraunkorra bultzatzeko Zain ditzagun gure hondartzak kanpaina jarri zuen abian duela pare bat aste eta, besteak beste, Zumaian eta Orion izan ondoren, orain Zarautzera heldu da. Udalarekin elkarlanean, Munoan ezarri dute informazio puntu ibiltaria eta astebetez izango da bertan. Egunero zabalduko dute, 11:00etatik 19:30era.

Ingurumeneko diputatuak nabarmendu du bertaratzen direnei segurtasun osoz bainatu daitezen informazio guztia emango zaiela. Besteak beste, Gipuzkoako hondartzei buruzko datuak egongo dira eskuragarri: kokapena, ezaugarriak, baldintza ozeano-meteorologikoak, zerbitzuak, webcama eta beste hainbat.

Era berean, kale hezitzaileek hondartzen arduraz erabiltzeko gomendioak emango dizkiete herritarrei: hondakinak behar bezala nola bildu eta bereizi, udal ordenantzen nondik norakoak, dutxen erabilera, flora zein fauna eta dunak eta abar. Halaber, hondartzan erabiltzeko edukiontzi txikiak ere banatuko dituzte.

Era berean, Emaus Gizarte Fundazioak martxan jarritako SINdesperdicio markako hainbat produktu ere egongo dira eskuragarri bertan. Javier Padrini fundazioko zuzendari nagusiak eman du ekimenaren berri: "Guk toldoak jaso, konpondu eta garbitu ondoren, produktu berriak sortzen ditugu material horrekin. Hala, hondakin bezala ikusten duguna material berria sortzeko baliatzen dugu, beste bizitza bat emanez". Hamaika produktu sortu dituzte: poltsak, abarketak, nezeserrak, mantalak, motxilak, esaterako.

Asensiok Emausen lana goraipatu du eta Xabier Txurruka alkateak eskerrak eman dizkio, "berrerabilpena eta birziklatzearen inguruko mezu hori zabaltzeagatik".

Zarautzen egon ondoren eta Donostian geldialdia egin eta gero, Getarian jarriko dute informazio puntua. Zehazki, Malkorbe hondartzan ezarriko dute, abuztuaren 1etik 7ra.