Langabeak lan merkatuan sartzeko Prestaketa Bonoa laguntza abiatu du UKUEk

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko uzt. 20a, 09:00
Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturain diru laguntzen azalpenak ematen. (A. Larrañaga Solaberrieta)

Lan merkatuak eskatzen dituen zeharkako gaitasunak lantzeko ikastaroa antolatuko dute; eta hori gainditzen duten langabeak kontratatzen dituzten enpresek diru laguntza jasoko dute.

Ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lankidetza egitasmoak sustatzeko diru laguntza oinarriak onartu zituen Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak uztailaren 7an. Udal elkarteko lehendakari Igor Iturainek azaldu duenez, 230.000 euro bideratuko dituzte 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra burututako jarduerak laguntzeko. Iturainek nabarmendu du UKUE osatzen duten alderdi politiko nagusiak «adostasunera iritsi» direla arlo horretan.

Azken datuen arabera, Kosta bailara da Euskal Autonomia Erkidegoan langabe tasa baxuena duena. «Dena dela, jakin badakigu 30-50 urte bitartean gainontzeko adin tarteetan baino handiagoa dela langabezia tasa, eta horri irtenbidea eman nahi diogu hainbat lan ildo martxan jarrita», nabarmendu du Iturainek.

Diru laguntza lerroei dagokionean hainbat berrikuntza nabarmendu ditu udal elkarteko lehendakariak. Alde batetik, eskualdeko enpresek diru laguntzak jasoko dituzte Prestakuntza Bonoa eskuratu duten langabeak kontratatzen badituzte. «Urola Kostako Udal Elkarteak enpresek eta lan merkatuak eskatzen dituzten zeharkako gaitasunak eta trebetasunak lantzeko 205 orduko ikastaroa eskainiko du eskualdeko langabeei eta langileei bideratuta».

Ikastaroa doakoa izango da, eta bertan zaintza teknologikoa, IKT 2.0, kudeaketa aurreratua eta gatazken kuadeaketarako teknika berritzaileak landuko dituzte parte hartzaileek. Prestakuntza gainditzen duten langabeek Prestakuntza Bonoa eskuratuko dute, eta eskualdeko enpresaren batek Prestakuntza Bonoa duen langaberen bat kontratatzen badu, diru laguntza jasoko du.

Egindako kontratua sei hilabetekoa eta lanaldi osokoa bada, 3.000 euro jasoko ditu enpresak, eta kontratu mugagabea bada, berriz, 7.500 euro. Eskabideak datorren azaroaren 15etik abenduaren 29ra egin beharko direla jakitera eman dute.

Hainbat laguntza lerro

Hezkuntza zentroen eta enpresen arteko lankidetza hitzarmena garatzeko diru laguntzak ere emango ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. Modu horretan, enpresa sarea eta goi mailako hezkuntza zentroak elkarrengana hurbildu nahi dituzte. Kasu honetan, interesa dutenek irailaren 30a baino lehen egin behar dituzte eskaerak.

Bestalde, enpresak sortzeko diru laguntza lerroarekin ere jarraituko du udal elkarteak. Laguntzaren oinarria 1.000 eurokoa izango da, eta kopuru hori handitu daiteke sustatzailearen eta jarduera proiektuaren ezaugarrien arabera. Horretaz aparte, gainera, itzuli beharrik gabeko diru laguntza lerroa ere abian izango da enpresen jarduerarekin zerikusia duen inbertsioak egiteko.  
Azken bi diru laguntza horien eskaera irailaren amaiera arte egin daiteke.