Aztarnetatik, historia

Eider Goenaga Lizaso / Gipuzkoako Hitza 2017ko uzt. 21a, 10:10
Santa Maria la Real Monumentu Multzoa, Zarautzen (Zarauzko Arte eta Historia Museoa).

Parrokiak, kanpandorreko museoak eta bi horietan topatutako aztarnategi arkeologikoak osatzen dute Santa Maria la Real Monumentu Multzoa.

Museo edo monumentu multzo gisa 2002an hasi ziren lanean Zarauzko Santa Maria la Realen; Arte eta Historia Museoa atondu zuten kanpandorrean, eta parrokian, kanpandorrean eta bi eraikinetan topatutako aztarnategi arkeologikoak ireki egin zituzten bisitarientzat. Museoaren historia ezagutzeko, halere, hainbat urte atzera jo behar dela azaldu du Goizane Barroso Arte eta Historia Museoko gidariak (Zestoa, 1994). “1997an obra batzuk egiten hasi ziren dorrean, eta hilobi batzuk azaldu ziren. Bi urte geroago, berriz, Santa Maria la Real parrokian hasi ziren obrak egiten, eta han aztarna gehiago azaldu ziren”. Aurkikuntza horiek dira, beraz, monumentu multzoa osatzearen abiapuntua.

Kanpandorrean topatutako hilobiak IX. mendetik XIV. mendera bitartekoak dira, Erdi Arokoak. “Parrokian topatutako aztarnategian, ordea, sorpresa hartu zuten arkeologoek. Erdi Aroko hilobi gehiago, edo, bestela, egungo parrokiaren aurretik eraikitako beste eliza baten aztarnak topatzea espero zuten. Eliza XV. mendekoa denez, baina kanpandorrean IX. mendeko hilobiak aurkitu zituztenez, pentsatu zuten beste eliza baten aztarnak izan zitezkeela. Sorpresa hartu zuten, erromatarren garaiko eta Burdin Aroko aztarnak aurkitu zituztenean”. Erromatarrak Zarautzen K.a. I. mendetik K.o. I. mendera bitartean iritsi zirela pentsatzen dute historialariek, eta 400 urte egin zituztela bertan. Kanpandorrean ez bezala, aztarnategian gorpu osorik ez zutela aurkitu dio Barrosok; bai, ordea, hezur batzuk, familia hilobi batean. “Burdin Arokoak, berriz, sua egin izanaren aztarnak dira”.

Erreportajea osorik irakurtzeko: Gipuzkoako Hitza