Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatuko dute, Salberdinen alokairuko etxebizitzak eraikitzeko

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 29a, 16:53
Salberdinen duela gutxi bota dituzten eraikinen tokian egingo dituzte alokairurako etxebizitzak.

Akordio horrekin, udalak lur sail bat emango dio eta jaurlaritza arduratuko da bertan 60 bat zuzkidura bizitoki egiteaz. Udalbatzak aho batez onartu zuen hitzarmen proposamena.

Zarauzko Udala eta Eusko Jaurlaritza akordioa batetara heldu dira Salberdinen alokairura bideratuko diren 60 bat etxebizitza eraikitzeko. Behin hitzarmena sinatuta, udalak Salberdingo lur eremu bat emango dio jaurlaritzari, eta hori arduratuko da eraikina egiteaz. Aurrez, ordea, udalak partzelaren titulartasuna eskuratuko du. Xabier Txurruka alkateak aurreratu du titulartasuna lortzeko prozesua abian dela, eta aurreikusi du urte amaierarako eskuratuko duela erakundeak sail hori, birpartzelazio proiektua behin betiko onartzen denean, hain justu.

"Albiste aparta da Zarautzentzat. Izan ere, zarauztarrek izango dute lehentasuna bizitoki hauek erabiltzeko". Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ia 5 milioiko inbertsioa egingo du 4.000 metro inguruko eraikina egiteko. Zehazki, Salberdinen duela gutxi bota dituzten eraikinen tokian eraikiko dute, Zelai Ondoko etxeen atzean.

Aurreikusi du datorren urteko hasieran hasiko direla eraikitzen etxebizitza horiek. "Aurretik birpartzelazio plana behin betiko onartu beharko da eta baita urbanizazio proiektua zein beste hainbat gai ere", ohartarazi du alkateak.

Txurruka "pozik" agertu da Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritza berriarekin udalak duen harremana dela-eta. "Oso gustura gaude duela zazpi hilabete arte Udal Gobernuan lankide izan genuen Pablo Garcia Astrainekin mantentzen ari garen elkarrizketekin. Harreman onak fruituak ematen ari dira eta Salberdingo eremuan alokairuko etxebizitzak eraikitzeko aukera ematen duen akordio hau adibide garbia da", nabarmendu du.

Aho batez

Udalbatzak aho batez onartu zuen osteguneko udalbatzarrean Salberdinen zuzkidura etxebizitzak sustatzeko lankidetza hitzarmena. Irabazi Zarautzeko bozeramaile Ana de Benito ados agertu zen akordioa sinatzearekin. "Etxebizitza horiek, azken finean, alokairu sozialekoak dira, beste izaera juridiko batekin. Dudarik gabe, ados gaude, hori baita etxebizitza arazoa konpontzeko bidea: alokairu sozialaren sustapena".

Gloria Vazquez PSE-EEko bozeramaileak nabarmendu zuen hitzarmen proposamen hori Zarautzentzat "oso albiste ona" dela: "Azkenean hitzetatik ekintzetara pasatuko gara, eraginkortasunez". Gaineratu zuen "aukera paregabea" dela gazteek euren lehenbiziko etxebizitza eskuratzeko. Ohartarazi zuen alokairua txandakakoa izango dela, hau da, 3 urtetara mugatuko dela: "Ez da behin betirako irtenbidea. Gazteen emantzipazioa bultzatzea du helburu". Bere kide ohiaren, Garciaren, lana goraipatu zuen, halaber.

EH Bilduko ordezkari Iñaki Eizagirrek adierazi zuen herriarentzat "onuragarria" dela eta gogoratu zuen halako hitzarmen bat ez dela sei hilabeteko lanaren ondorioa. Zentzu horretan, nabarmendu zuen "askoz ere bide luzeagoa" egin dela, eta eragile "oso ezberdinek" hartu dutela horretan parte, "ez instituzioek soilik". Hitzarmen horren bidez, alokairura bideratuko diren 60 etxebizitza aurreikusi direla gaineratu zuen, baina "are anbizio handiagoa" izan daitekeela: "Uste dugu  hitzarmen hau bezalako beste hainbat egin daitezkeela Salberdinen bertan". Era berean, aitortu zuen Salberdinen inguruan hainbat gai "zintzilik" daudela, besteak beste, industriarekin, etxebizitza politikarekin zein ekipamenduekin lotuta, eta EH Bildu "bidelagun" izango dela.