Zankarra eta lekak, 'Merkatutik zuretzat!' zikloko bosgarren saioan

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 4a, 12:00
Zikloko lehenbiziko saioko irudi bat. (A. Ventas Aldabaldetreku)

Larunbatean izango da, Merkatu plazako lehenbiziko solairuan, 11:00etan.

Aiala ostalaritza eskolako Lierni Gutierrezek eta Eneko Arandiak plater eta pintxo bana prestatuko dituzte bihar Merkatu plazako lehenbiziko solairuan bi osagai nagusiekin: lekak eta zankarra, hain zuzen ere. Plater tradizionala sukaldatzeko, bi osagai horiez gain, lekak, patata eta urdaiazpikoa ere baliatuko dituzte. Pintxoa, berriz, honakoa izango da: zankarrez betetako barrengorria, kuiatxo xafla gainean.

Prestatutako 100 pintxo banatuko dituzte bertaratzen direnen artean, Arizia sagardoarekin batera dasta ditzaten. Horretarako, Merkatu plazako lehenbiziko solairuko sarreran txartel bana hartu beharko da. Era berean, plater tradizionalaren zein pintxoaren errezetak ere eskuragarri izango dira. Era berean, haurren txokoa ere izango da, hainbat jolasekin.

Otarraren zozketa

Saioro bezala, larunbat honetan ere askotariko produktuz hornitutako otarra zozkatuko dute bertaratzen direnen artean. Gazta, Arizia sagardoa, Talaimendiko ozpina, zainzuriak, urdaiazpiko, Añanako gatza, oliba olioa, Eusko Label arrautzak, 10 euroko bi txartel Merkatu plazako Kukulu zein Benetako Berezian zankarra erosteko eta barazkiak erosteko beste 10 euroko txartelarekin osatuta egongo da, hain zuzen ere.

Jesus Arana Sustapen Ekonomikoko zinegotziak gogoratu du ekimenaren helburua dela Merkatu plaza bultzatzea eta bertan egiten diren erosketak sustatzea. "Garaiko eta bertako produktuei buruz ikasteko aukera paregabea da eta, horrez gain, sukaldari bikotea lanean zuzenean ikusteko eta behar diren galderak egiteko gune aproposa da". Ekitaldia hasi aurretik, Aranak berak zein Arizia sagardotegiko Maite Agirre izango da, Zarautzen bertan ekoizten den sagardo bakarraren inguruan azalpenak ematen.