Zarautz Modan 2017 desfilea izango da bihar 22:00etan hasita, itsas pasealekuan

Zarauzko hitza 2017ko abu. 4a, 16:03
Zarautz Modan 2017 desfilea aurkeztu dute gaur eguerdian, itsas pasealekuan.

Murkil Zarauzko merkatarien elkarteak eta Zarauzko Udalak antolatu dute ekimena.

Uda garaia sasoi garrantzitsua izaten da herriko merkataritzarentzat, eta denden "kalitatezko eskaintza" herritarrengana eta bisitarengana hurbiltzeko Zarautz Modan 2017 ekimena antolatu dute. "Zarautzen kalitatezko merkataritza eta produktu eskaintza zabala dugu. Herriko merkataritza balioan jarri nahi dugu moda desfilearen bidez", azaldu du Jesus Arana Zarauzko Udaleko Garapen ekonomikoko zinegotziak.

Desfilea larunbatean 22:00etan hasiko da, eta itsas pasealekuan Matxitxako kale inguruan egingo da (Galtzagorri elkartearen parean). Gipuzkoa de Moda enpresak egin ditu desfileko antolaketa lanak, eta "goi mailako ikuskizuna" izango dela uste du Aranak: "Punta-puntako desfile baten maila izango du". Herriko 22 dendek parte hartuko dute desfilean, eta emakumeen, gizonen eta haurren modaz gain, osagarriak ere erakutsiko dituzte bertan. Gainera, Marta Arribas diseinatzaile zarauztarren kolekzioa ere aurkeztuko da desfilean.

Udalari eskertuta
Murkil elkarteko kideak oso eskertuta agertu dira Udalak desfilea antolatzeko egin duen ahaleginarekin. "Aspalditik genuen herriko merkatarien eskaintza aurkezteko desfile bat antolatzeko gogoa, baina prestaketa lan handia eta kostu ekonomiko garrantzitsua eskatzen du horrek. Horregatik, Zarauzko Udalak desfilea elkarlanean antolatzea proposatu zigunean oso gustura hartu genuen ideia. Zarauzko Udalaren ekarpena ezinbestekoa izan da moda desfile hau antolatzerakoan", adierazi dute Murkileko kideek.

"Ilusio handiz" prestatzen ari dira merkatariak desfilea eta zarauztarrak ekimenera gonbidatu dituzte. Gainera, desfilean zehar sorpresaren bat izango dela ere adierazi dute. "Merkatariontzat oso garrantzitsua da zarauztarren sektorearen inguruan duten iritzia jakitea eta ekarpenak jasotzea". Horregatik, Murkil elkarteak postua jarriko du desfilean, eta bertan beren iritzia ematen duten herritarrek 200 euroko erosketa bono baten zozketan parte hartzeko txartela jasoko dute. "Zozketa desfilean zehar egingo da, eta zenbaki sariduna ateratzen denean jabea publikoaren artean ez badago, berriz egingo da zozketa", adierazi du Zarauzko Udaleko zinegotziak.

Udala eta Murkil elkarlanean
Zarauzko Udala hilero biltzen da Murkil elkartearekin, eta hainbat ekimen antolatu dituzte elkarlanean. Gabon garaian esaterako Zarautzen Bai egitasmoa martxan jarri zuten, bertako merkataritza bultzatzeko eta herritarrak herrian bertan erosketak egitera animatzeko. Orain, beste urrats bat egin dute eta uda partean merkataritza sustatzeko helburuarekin antolatuko dute Zarautz Modan 2017.