"Biktimak bai, baina baita protagonistak ere"

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 8a, 18:10
Intxorta 1937 elkarteko kideak, Zabalegi, Savaria eta Arana, gaurko aurkezpenean.

Gaur arratsaldean zabalduko dute 'Emeek emana' erakusketa, Merkatu plazako lehenbiziko solairuan. Gerra eta frankismo garaiko emakumeak dira bilduma horretako protagonistak, horien artean bi zarauztarrak: Arantxa Zabalegi eta Arantza Arruti.

Emakumeak dira Emeek emana erakusketako protagonistak, "ez bakarrik gertatu zitzaienagatik, baizik eta eurek egin zutenagatik". Bilduman ageri diren emakumeak gerra eta frankismo garaiko biktimak izan ziren, baina baita protagonistak ere. Hain zuzen ere, erakusketa horren bidez, emakumeen zeregin aktiboa jarri nahi izan du indarra Intxorta 1937 elkarteak, "oso garrantzitsua baita memoria inklusibo batean emakumeen begiradak eta esperientziak ikusaraztea".

Helburu horrekin jarri dute ikusgai erakusketa Merkatu plazan, kultur elkarte horrek antolatuta eta Zarauzko Udalak babestuta. Gaur arratsaldean zabalduko dute, eta ikusgai izango da egunero, 18:30etatik 20:30etara, abuztuaren 27ra arte. Aurrez, gaur eguerdian, aurkezpena egin dute eta bertan izan dira Jesus Arana jarduneko alkatea, Intxorta 1937 elkarteko ordezkari Julia Monge, Mauro Saravia argazkilaria eta Arantxa Zabalegi zarauztarra, erakusketako protagonistetako bat.

50 emakume baino gehiagoren argazkiek eta testigantzek osatzen dute erakusketa, "guztiak anitzak, joera politiko ezberdinetakoak, hainbat eremutan ibilitakoak eta Euskal Herriko zenbait tokitan jaio eta bizitakoak". Denak dira "guru eremuaren, erbestearen, torturaren, espetxearen, errepresioaren eta bizirik irauteko estrategien inguruko narrazio eta bizipenak". Hori guztia, emakumeen ikuspegi beretik landuta.

Bi zarauztar eta zumaiar bat

Erakusketako protagonistetatik bi emakume dira zarauztarrak: Zabalegi bera eta Arantza Arruti. "Ni ez naiz gerra garaikoa, baina bai gerra denboran asko sufritu zuen familia bateko kidea", adierazi du Zabalegik. Zarauztarrak nabarmendu du gerrari lotutako kalte ordainak, alarguntasunagatiko pentsioak eta bestelako izapideak lortzeko lanean jardun zuela.

Arruti, berriz, "militante abertzalea izan da oso gaztetatik. Askotan atxilotu zuten 1966 eta 1969 artean. Torturatu egin zuten eta 8 urtez egon zen espetxeratuta kartzela askotan. 1970ean Burgoseko Prozesuan auziperatu zuten ETAko beste kide batzuekin batera. Abenduaren 3tik 9ra bitartean egin zen epaiketan absolbitua izan zen. 1976ra arte jarraitu zuen kartzelan, aurretik zituen beste sententzia batzuetako zigorrak betetzen".

Horiez gain, Lore Albizu zumaiarrak ere hartu du parte Intxorta 1937 elkartearen ekimenean. Zumaiarrak bost urte zituela alde egin behar izan zuen herritik. 1937ko otsaila zen, eta beste hainbat emakumerekin batera izan zen kanporatua. Bilbora iristea lortu zuen, eta bonbardaketen lekuko zuzena izan zen. Handik Mundakara iritsi zen, eta bertatik ikusi zuen hegazkinek nola errausten zuten Gernika. Itsasontziz Frantziara eraman zuten, Suitzako mugara.

Plano ezberdinetatik ateratako argazki horiek alboan dute emakumearen historiaren nondik norakoak. Azken zatian, berriz, "absentzien" argazkiak atondu dituzte. Savaria berak azaldu du horien esanahia: "Azken horiek ez dira hain eskematikoak, ez dira erretratuak, lekuak baizik. Emakume horiekin lotura duten txokoak, eurek bizi izan zuten testuingurua zein egoera gogoratzen lagun dezaketenak".

Horrez gain, idulki bat ere atondu dute Merkatu plazako lehenbiziko solairuan, fitxa batzuekin. Fitxa bakoitza idulkiaren gainean jarriz gero, emakume bakoitzaren testigantza ezagutu ahalko du bertaratzen duenak, 6-9 minutuko ikus-entzunezko baten bidez. Era berean, esku liburuak ere prestatu dituzte, emakume bakoitzaren biografian sakontzeko.

"Gure herriko historia idatzita"

Argazkilariak nabarmendu du erakusketa hori baliagarri dela belaunaldi berriek euren historiaren nondik norakoak ezagutu eta memorian sakontzeko. Oroimena bizirik mantentzen duela adierazi du, baina gogoratu du erakusketa egungoa ere badela, protagonistetako batzuk gaur ere gizartean eragiten jarraitzen dutelako.

Aranak azpimarratu du emakumeen izan zuten zeregin aktiboa jasotzen da, eta haien historia berreskuratzen da. Emakumeak dira erakusketako protagonistak, haien argazkiak eta testigantzak. Gerra eta frankismo garaiko kontakizunak emakumeen arpegiekin, emakumeen ikuspegitik.

Aranak, Bizikidetza batzordeko arduraduna izaki, "memoriak eta historiak duen balorea" azpimarratu du. Hala, gai horretan lanean diharduten eragileen lana aitortu dute, eta kasu honetan, bereziki, Intxorta 1937 elkartearena. "Egia, justizia, erreparazioa. Hitz horiek osatzen duten figura funtsezkoa da nahi baldin badugu gertatutakoak berriz ere ez gertatzea".

Gaineratu du emakume horien "begiradetan zein zimurretan gure herriko historia idatzita" dagoela. Hori dela eta, herritarrak zein bisitariak bertaratzera gonbidatu ditu, "denon artean saiatu gaitezen egitik, justiziatik, erreparaziotik eta benetako historiatik gure herri honen etorkizuna lantzen eta emakumeek historia honetan izan duten pisua balioan jartzen".

 

 

Erlazionatuak

Irudietan: 'Emeek emana' erakusketa

Zarauzko Hitza 2017 abu 08 Zarautz