Dagoeneko eman daiteke izena Trikitilari Gazteen Txapelketarako

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 9a, 18:00
Eneko Arbeo azpeitiarrak eta Mireia Ibabe bergararrak irabazi zuten iazko txapelketa.

Soinujole eta pandero-jotzaileek 20 urte baino gutxiago izan beharko dituzte, eta lau pieza eskainiko dituzte txapelketa egunean. Horietako bat norberak sortua bada, epaimahaiak kontuan izango du. Turismo Bulegoan eman behar da izena, abuztuaren 25a bitartean.

Irailaren 6an jokatuko dute Trikitilari Gazteen XXXVII. Txapelketa, Zarauzko Euskal Astearen barruan, ohi bezala. Lege Zaharren enparantzan izango da, 19:30etik aurrera. Bertan 20 urtez azpiko soinujole eta pandero-jotzaileek har dezakete parte. Interesa duten bikoteek dagoeneko eman dezakete izena.

Horretarako, Zarauzko Turismo Bulegora jo beharko da edota bertara deitu, 945-005119 telefono zenbakira. Abuztuaren 25a da izena emateko azken eguna.

Ohi bezala, maila bakarra izango da, eta parte hartzaileek txapelketaren gauean 20 urte bete gabe izan beharko dituzte. Adina egiaztatzeko familia liburua aurkeztu beharko dute. Bikoteek lau pieza jo beharko dituzte: trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin-arina. Horietako piezaren bat norberak sortua baldin bada, izena ematerakoan jakinarazi beharko da. Epaimahaiak kontuan izango duela jakinarazi dute udaletik.

Nekane Iribar Kultura zinegotziak nabarmendu du norberak sortutako pieza bat jotzeko "aukera aparta" dela: "Norberak sortutako pieza jotzeko aukera eskaintzen diegu gazteei, euren sormena ikustera emateko eta baliona jartzeko egin duten lan guztia". Era berean, trikitixa eta porrusalda koplaz lagundu beharko dute parte hartzaileek, eta janzkera tradizionala errespetatu beharko dute, gainera.

Bi sari emango dituzte: bata, bikote irabazleari eta bestea, bigarren sailkatuari. Irabazleek 250 euro jasoko dituzte, txapelez gain, eta bigarrengoek, berriz, 175 euro. Herriko lehen bikoteak ere sari berezia eskuratuko du, eta gainontzeko parte hartzaileei 70 euroko dieta emango diete.