Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festak 2017

"Guztiok ateratzen gara galtzen udalaren jarrera honekin"

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 12a, 09:00
Batzordekideek ateratako pankarta, agerraldiaren ondoren.

Atzo arratsaldean agerraldia egin zuen SKAPAko jai batzordeak, festekin gertatutakoaren irakurketa egiteko. Ehunka lagun bildu ziren Plaza Gorrian eta ondoren egin zuten manifestazioan.

"Urtetik urtera, geroz eta oztopo gehiago jartzen dizkigute festak aurrera eraman ahal izateko". Arrazoi horregatik utzi ditu Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jai batzordeak festak bertan behera. Hala azaldu zuten atzo arratsaldean Azken Portuko Plaza Gorrian eskaini zuten prentsaurrekoan, ehunka lagunen aurrean. "Atzo gertatutakoa neurri jasanezinera heldu zen, eta kitto esatea erabaki genuen".

SKAPA jai batzordekoek, Udal Gobernuak atzo eguerdian egin zuen moduan, atzera begirakoa egin zuten arratsaldeko agerraldian. Jakinarazi zutenez, 2014ean auzotar baten salaketa jaso zuen batzordeak, "festen baldintzak jasanezinak zirelako". Gogoratu dute bizilagunarekin zein udalarekin hitz egin nahi zutela adierazi zutela, baina ezezkoa jaso zutela. "Ez zuten ezer adostu nahi izan, salaketa indarrean mantendu zuten eta plazaz aldatzea beste erremediorik ez genuen izan. Plaza berreskuratzen saiatu ginen eta, herritarren babesari esker lortu genuen Urdaneta kalera itzultzea".

Jakinarazi zutenez, "behin baino gehiagotan" eskatu zuten auzotarrekin zein udalarekin hitz egin eta baldintzak zehaztea. "Elkarrizketak ukatu zizkiguten". Hala, festak Urdaneta kalean ospatu zituzten iaz eta, ondoren, bizilagunei inkestak egin zizkieten, egoeraren balorazioa egin zezaten. "Gehiengoari baldintza egoki eta jasangarriak iruditu zitzaizkien".

Horregatik, aurten festak iazko leku berean egiten saiatu direla nabarmendu zuten agerraldian. "Azken finean, urtero gertatzen dena horixe da: urtarriletik saiatzen gara festak antolatzen, urtarriletik eskatzen diogu udalari festak adosten hasteko eta jaiak hasi baino hilabete lehenago arte ez dugu erantzunik jasotzen. Baldintzak eztabaidatzea beranduegi denean jartzen dira gurekin harremanetan eta, festak aurrera eraman ahal izateko, beraiek inpostatutakoari baietz esatea beste erremediorik ez dugu izaten". Zehaztu dute baldintza horiek "geroz eta okerragoak" direla: "Hori al da udalak hainbeste aldarrikatzen duen elkarlana?"

"Muga horrekin ezin kontzerturik eman"

Aurtengoari dagokionez, adierazi dute jaiak hasi baino bi hilabete lehenago hasi zirela deika baldintzak adosteko. "Festak hasi baino bi aste lehenago izan genuen bilera hori, eta aipatu ziguten kontzertuen bolumen muga 92 dezibeliokoa izango zela". Batzordekideek jakinarazi zuten udal ordezkariei ohartarazi zietela muga horrekin ezingo zela kontzerturik eskaini, baina ez zutela baldintza hori aldatu nahi izan.

Festen aurreko egunean, abuztuaren 9an, udal ordezkariek beste bilera baterako deialdia egin zietela jakinarazi zuten, eta baldintzak bando batean argitaratuko zituztela esan zietela. "Zergatik agertu da Azken Portun bando hau, eta ez herriko beste ekitaldietan?", galdetu zuten.

Herenegun, gaueko kontzertuetarako soinu frogak egiterakoan, mugagailua 92 dezibeliotan jarrita, horrek saltatu egiten zuela nabarmendu zuten batzordekideek. Ondorioz, taldeek batzordekideei zuzenekoak eskaintzeko ezintasuna adierazi zietela aitortu zuten. "Hori jakinda, batzordekide bat Jesus Arana jarduneko alkatearengana joan zen, esanez taldeek ez zutela kontzerturik emango. Orduan, Arana teknikarien mahaira gerturatu zen eta berak ikusi ahal izan zuen ezinezkoa zela muga horrekin kontzerturik eskaintzea. Jendea hizketan ari zela, 87 dezibelioetara iristen zen soinu maila", esan zuten.

"Orduan dezibelioak igotzea erabaki zuen. Gauerdi aldera, taldeak oraindik ere soinu probak egiten ari ziren hartan, mugagailua kentzea erabaki zuen, ezinezkoa zela ikusita. Era berean, Aranak adierazi zuen bera egongo zela teknikarien mahaian bolumena kontrolatzen", gaineratu zuten. "Eta noski, teknikariek nahiz musikariek esan zuten ezetz. Orduan jakinarazi genion Aranari kontzertuak bertan behera geratuko zirela".

Aurrera jarraitu bazuten ere, atzo gauean "arazo bera" izango zutela azaldu zuten: "Hilabete lehenagotik batzordeak eskatuta zituen baldintza jakin batzuk. Herenegun arratsaldean esan ziguten baldintzok ez zituztela onartu, eta WAS taldearen kontzerturako ere 92 dezibeliotara mugatuko zutela soinu maila". Hori dela eta, "kitto" esatea erabaki dute.

"Denentzako festak"

"Salbuespen batzuk onartu zituztela diote, baina nola? Bandoan neurri batzuk zehaztuta daudenean, egunean bertan aldatzea eta legea haustea proposatzen ari dira, korrika eta presaka. Horren aurrrean, bizilagunek kexak jartzeko aukera izango zuten, bandoan jarritakoa ez zelako errespetatuko. Orduan, ziurrenik festa batzordearen kontra erabiltzeko argudioak egongo lirateke". Nabarmendu zuten ez direla "tranpa horretan eroriko", eta baldintza duinak "aurrez" egon behar dutela adostuta.

"Uste dugu fijazio bat badagoela SKAPAko jai batzordearen kontra: baldintzak azken momentuan zehaztea; pankartak eta elastikoak salgai jartzerakoan udaltzainak kontu eske etortzea; egitarauan etengabe akatsak bilatzen jardutea; urtero baldintza okerragoak jartzea... Ez al duzue ikusten auzotarren gehiengoa festa eredu honekin gustura dagoela?".

Gogoratu zuten Xabier Txurruka alkakteak, festak hasi aurretik, jai onak pasatzeko opa zizkiela, eta atzo  "dena pikutara" bidali zuela sare sozialetan idatzitakoarekin. Irakurri egin zuten alkatearen idatzia: "Triste. Festak eta hauek baimentzen dituzten agintariak Arartekoarengana eta epaitegietara eramaten diren garai hauetan, gogoan ditut Xuper eta Artetxeren garaitan Santa Klarako festek asto karrerak, gauerdiko xexenak eta Azken Portu eta Mari tabernen aurreko Akelarre eta Nekezen berbenak. Garaiak aldatu dira eta gaurko gazteek nahiago dute ordu eta mugarik gabeko Chimo Bayoren uh ah egitea".

Horren aurrean, nabarmendu zuten Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festak ez direla "gazteen gaueko jaia eta mozkorkeria"; egun osoan zehar haur, gazte eta helduentzako ekitaldiak izaten direla, "beste inon ez bezala": "Guk, inorren kontra egin gabe, denentzat festak antolatu nahi izaten ditugu eta lortu egiten dugu. Ikusi besterik ez dago gaur albistea jakin bezain pronto milaka herritarrek sare sozialetan izan duten erreakzioa". Gaineratu zuten auzo guztietako festa batzordeen babesa jaso dutela, eta aurten "denak festarik gabe geratu" direla. "Guztiok ateratzen gara galtzen udalaren jarrera honekin. Nahikoa da. Beste ekintza askotan ez daude halako trabak".

Horregatik, "berdintasuna" nahi dutela aldarrikatu zuten. "Urtero udalaren kontra borrokan pasatzen dugun tentsioak ezin du hala jarraitu. Espero dugu aurrerantzean udalak kontuan izango duela gertatutakoa". Jakinarazi zuten datorren astelehenetik aurrera hurrengo urterako "guztiontzat egokiak" diren baltzintzak adosten hasteko prest dagoela jai batzordea.

"Argi izan dezatela herria ez dela isilduko, ez dela geldituko honen aurrean. Onean saiatuko gara ahal den heinean, baina ezin baldin bada, borrokarako prest gaude". Zentzu horretan, gaur ere manifestazioa egingo dute udaletxeraino, 11:30ean Plaza Gorritik abiatuta. Atzo ere egin zuten mobilizazioa agerraldiaren ondoren, eta ehunka lagun bildu ziren, Ez gaitzatela isildu, auzoa bizirik! lemapean.