Jokin Eizmendi, Igeldoko Harria probako txapeldun

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 15a, 10:49
Jokin Eizmendi, Aiako txapelketa batean.

Zarauztarrak ez zuen ezustekorik eman: bera zen Igeldoko Harria txapelketa irabazteko faboritoa, eta hala egin zuen.

Laugarren urtez jarraian gailendu zen proban, iaz baino altxaldi bat gehiago eginez, gainera. 16 jasoaldi egin zizkion larunbatean Igeldoko labarretatik hartutako 134 kiloko harri baldarrari. Beñat Telleria lasartearra eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarra sailkatu ziren haren atzetik, 12 eta 11 aldiz altxatuta harria, hurrenez hurren. Imanol Illarramendi Kortaberri aiarrak jasoaldi kopuru bera egin zuen, baina Urrak gutxiago pisatzen duenez, laugarren sailkatu zen Kortaberri.

Eskualdeko beste hainbat harri jasotzaile ere lehiatu ziren Igeldoko Harria txapelketan. Xabier Peñagarikano Erreuzta aizarnazabaldarrak, esaterako, bosgarren egin zuen, harria 9 aldiz jasota eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarrak seigarren, 8 jasoaldirekin.