Euskadiko Kintopeko Txapelketa jokatuko dute ostiralean

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 22a, 09:00
Xabat Olaizola harri jasotzen.

21 urtez azpiko hiru harri jasotzaile lehiatuko dira: Xabat Olaizola zarauztarrak, Iñigo Solozabal elorriotarrak eta Jon Gisasola mallabiarrak.

21 urtez azpiko Euskadiko Kintopeko Txapelketa hartuko du Zarautzek datorren ostiralean, hilaren 25ean. 19:00etatik aurrera, hiru izango dira lehian jardungo duten harri jasotzaileak: Xabat Olaizola zarauztarra, Iñigo Solozabal elorriotarra eta Jon Gisasola mallabiarra.

Zarauztarrak 20 urte ditu, eta hiru urte daramatza harriak jasotzen. Ostiralekoa izango du bigarren aldia kintopeko proba batean parte hartzen duena. ZKEko Herri Kirol sailetik ohartarazi dute eskubaloiko Euskadiko eta 21 urtez azpiko estatu mailako selekzioekin aritu dela jokatzen.

Beste biek 18 urte dituzte. Gisasola duela bi urte hasi zen kirol hori praktikatzen, eta Solozabal, berriz, duela urtebete. Mallabiarrarentzat ere bigarren aldia izango da kintopeko txapelketa batean, eta elorriotarrarentzat, aldiz, lehenbizikoa.

Harrijasotzaileek bi harrirekin egingo dute lan: batetik, 100 kiloko zilindro zaharra altxatu beharko dute eta, bestetik, 100 kiloko kuboa. Bi harriak batuta jasoaldi gehien egiten dituen kirolaria izango da garailea.

 Txapelketaren aurretik eta proba girotzeko asmoz, ZKEko Herri Kirolak eskolako kirolariek erakustaldia eskainiako dute Lege Zaharren enparantzan, harri desberdinekin.