Liburu eta disko azoka izango da ostegunetik aurrera

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 23a, 10:17
Liburu eta disko azoka, iaz.

Munoa plazan jarriko dituzte hainbat postu igandera bitartean.

Urtero bezala, Euskadiko Liburu Ganbarak liburu eta disko azoka antolatu du, udalaren laguntzarekin. Aurten, Kultura trena herriz herri lemapean, ostegunetik igandera jarriko dituzte postuak Munoa plazan, 11.00etatik 13.30era eta 16.30etik 20.00etara. Asteburuetan, ordu erdi beranduago itxiko dute.

Bertan, askotariko liburu eta disko berriak eskuratu ahalko dira, besteak beste, Bernardo Atxagaren Txoriak Kolpeka edo Toti Martinez de Lezearen Esne eta eztizko lurra liburuak zein Ruper Ordorikaren Guria Ostatua, Xabi Solanoren Ereñotzu edo Sorkunen Ziklomorphosia diskoak

Gainera, abuztuaren 26 eta 27an Jon Arretxe, Javier Sagastiberri eta Miren Palacios idazleak iMunoan izango dira Sator Lokatzak, Perversidad eta Escalera de Damas liburuak sinatzeko, hurrenez hurren.

“Honelako azoka bat Zarautzera ekartzea oso aberasgarria da. Euskara eta euskal kulturaren arloan zeresana du gure herriak eta urtero arrakasta handia izaten du azokak", nabarmendu du Nekane Iribar Kultura zinegotziak. "Horregatik, azokaren aldeko apustua egin dugu beste urte batez eta herritar guztiak bertara gerturatu eta euskal liburu eta diskoen berrikuntzak zein diren jakitera animatzen ditut”.