'Iragana, lahar eta larrosa' herri antzerkia eskainiko dute Modelon

kudeatzailea 2017ko ira. 6a, 18:09

'Iragana, lahar eta arrosa' antzezlaneko zati bat (Segurako antzerki taldea).

Segurako antzerki taldeak taularatuko du ostegun honetan (irailaren 7an), 19:30etik aurrera.

Euskal Astea aurrera doa, eta ostegun honetan Iragana, lahar eta larrosa herri antzerkia eskainiko du Segurako antzerki taldeak. Jose Antonio Primo de Riveraren diktaduratik 36ko gerraren hasiera bitartean dago girotuta, Goierriko herri batean, eta garaiko bi familien bizimodua du kontagai. Besteak beste, zein zen beraien ogibidea, belaunaldi desberdinetako pertsonen arteko elkarbizitza, bizirauteko arazoak, ohiturak, auzolanaren indarra, eta elizak nahiz apaizek beraien bizitzan zuten eragina.

Antzerkiak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, garaiko historia ezagutarazi nahi zaio ikusleari, eta bestetik, Espainian Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean Euskal Herriko udalerri askotan Euskal Errepublika eta autodeterminazioa aldarrikatu egin zirela jakinaraztea da.

Segurako antzerki talde afizionatu batek sortutako ikuskizuna da, eta 15 lagun biltzen ditu oholtza gainean, Lourdes Imaz gidoilariaren eta zuzendariaren gidaritzapean. Bestalde, Karlos Gimenezek konposatu du antzezlan honetako musika.

Modelo aretoan eskainiko dute, 19:30ean hasita, eta sarrerak Turismo Bulegoan eros daitezke, 5 euroan; egunean bertan ere erosteko aukera izango da antzokiko lehiatilan.