Gutuna: "2017/2018 denboraldia hastearekin batera, arazoak Zarauzko Eskubaloiarentzat"

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 7a, 10:46
Aialako infantil mailako neskak iazko denboraldian (Jesus Tormes / Zarauzko Eskubaloia).

Zarautz Kirol Elkarteko Eskubaloi atalaren zuzendaritza batzordeak ondorengo oharra helarazi du.

"Zarauzko haur eta gazte askok eskubaloiaz jolastuz gozatzea beti izan da pozgarria guretzat. Nola ez! Hori horrela, azken urteotan gurera bildu nahi zutenen kopurua nabari igotzen joan bada ere, Zarautzen dugun instalazio falta izugarriari nolabait aurrera egin ahal izan diogu, imajinazioa dantzan jarri eta denon artean irtenbideak topatuz. Haurren kirol jarduera duin baten ikuspegitik zalantzagarriak askotan, baina irtenbideak nolabait.

Baina aurten, pozgarria izan beharko litzatekeena, jada arazo gehiago da poza baino. 36 talde guztira (iaz baino 3 gehiago oraindik), talde bakoitzean jokalari kopurua toperaino eramanda (talde askotan aipatu topetik gora, Federazioak horretarako baimen berezia eman eta gero), 3 talde Orion entrenatu eta jolastuz, ordutegiak koadratzeko 3 talde (55-60 haur) pista bakar batean batera entrenatzen. Egoera hau kudea ezina bihurtu zaigu.

Eta horraino iritsi ahal izan gara. Hortik gora STOP egitea besterik ez zaigu geratu. Pena handiz, baina eskubaloi taldeetan haur gehiago ezin ditugu hartu.

Gure erabakia ulertuko delakoan gaude, eta ea abian den Lizardiko proiektua datorren denboraldirako amaituta dagoen, zeren bestela egoera berdinean (edo okerragoan) egon gaitezke".