Norbere botereaz jabetzeko

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 13a, 10:14
Kalaka elkarteko Ilazki Gainzak gidatuko du ‘Publizitatea genero ikuspegitik’ ikastaroa (Kalaka).

Urritik abendura zazpi ikastaro eskainiko dituzte Zarauzko Emakumeen Jabetze Eskolaren barruan. Gaur egingo dute horien aurkezpena, 18:00etan, Etxezabalan.

Urrian hasiko dira Jabetze Eskolako urte amaierako ikastaroak. Aurrez, gaur saioen aurkezpena egingo dute Etxezabalako aretoan, 18:00­etan. Bertan izango dira ikastaroetako irakasle guztiak, herritarrei zuzenean azaltzeko ikastaro bakoitzaren helburua, edukia, metodologia eta gainontzeko xehetasunak.
Ikasturte berrirako zazpi ikastaro antolatu dituzte: Emakumeak kameraren atzean; Oinarrizko konponketak: elektrizitatea; Mindfulness; Bizikleta mekanika tailerra; Publizitatea genero ikuspegitik; Genealogia femeninoa; eta Autodefentsa.

Lehen ikastaroan eskubide berdintasunean oinarritutako film laburrak sortzen ikasiko dute parte hartzaileek, Gariza Filmseko kide Leire Abaigarreren gidaritzapean. Bigarrengoan, berriz, etxeko konponketa txikiak nola egin irakatsiko du Oteiza Lizeo Politeknikoko ordezkari batek; besteak beste, eskema elektriko sinpleen, beharrezko erreminten eta koadro elektrikoaren inguruko nondik norakoak azalduko ditu.

Mindfulness ikastaroan, Pepa Bojok erlaxazio praktikak nahiz meditazio ariketak egiteko gakoak emango ditu, besteak beste, emozioen kudeaketa hobea egiteko tresnak eskainiz. Katalinak bizikletak elkarteak, berriz, bizikleta mekanikari buruzko tailer teoriko-praktikoa eskainiko du, gurpilaren zulaketak eta kateak nola konpondu, balaztak nola aldatu eta gainerako mantentze lanei buruz, esaterako. Horrekin, emakumeen autonomia lantzea izango da helburua.

Ilazki Gainza Kalaka elkarteko kideak eskainiko du Publizitatea genero ikuspegitik ikastaroa.  Parte hartzaileek iragarki sexistak identifikatzen ikasiko dute  eta publizitateak transmititzen dituen mezuez hausnartuko dute bertan. Genealogia femeninoa ikastaroaren helburua, aldiz, emakume bakoitzaren oinordekotzaz hausnartzea zein emakume izatearen garrantzian sakontzea izango da, besteak beste. Patricia Verdesek eskainiko du. Azken ikastaroan izena ematen dutenek emakumeek indarkeriarekiko dituzten bizipenak eta erasoei aurre egiteko estrategiak landuko dituzte, Emagin elkarteko ordezkariekin batera.


Hilaren 26ra arte

Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak gogoratu du Jabetze Eskola «emakumeentzako eskola» dela: «Pertsona batzuek ez dute ulertzen zergatik egon behar den eskola bat espresuki eta bakarrik emakumeentzat. Erantzuna erraza da: emakumeok emakume izate hutsagatik diskriminazio egoera jasaten dugu, eta baita gure kontrako indarkeria ere». Nabarmendu du horri aurre egiteko legeak «beharrezkoak» direla, baina, era berean, emakumeek beraiek «hainbat gaitasun eta indar berpiztu» behar dituztela, «geure buruari dagokion botereaz jabetzeko»: «Emakumeok geure burua astindu eta barruan daukagun indarrari heldu behar diogu, autonomia gehiago lortzeko eta gizartean zein politikan dagokigun papera betetzeko».

Interesa dutenek gaurko ekitaldian bertan eman dezakete izena, edo hilaren 26a bitartean Parekidetasun sailarekin harremanetan jarrita, egoitzara joanda (Zigordia kalea, 33), telefonoz deituta (943-00 51 17) edota berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzita.

Plazak mugatuak direla ohartarazi dute; gehienez ere 20 lagunek eman dezakete izena ikastaro bakoitzeko. Hala, zozketa egingo dute izena eman duten emakume guztien artean. Zarautzen bizi diren emakumeek izango dute lehentasuna.  Informazio zabalagoa berdintasunazarautz.wordpress.com blogean dago eskuragarri.

Erlazionatuak