Eman daiteke izena ikasturte berriko euskara ikastaroetan

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 13a, 15:22
Nekane Iribar eta Maite Egiguren, udal euskaltegiaren atarian.

Udal euskaltegiak zein AEKk ikastaro eskaintza zabala prestatu du 2017-2018 ikasturterako.

Ikasturtea hastearekin batera, AEKk eta udal euskaltegiak zabaldu dituzte ikastaroetan izena emateko epeak. Biek ala biek eskaintza zabala prestatu dute 2017-2018 ikasturterako. Udal Euskaltegiaren kasuan, 35.a da honakoa, eta Maite Egiguren zuzendariak eman ditu aurtengo ikastaroen berri. Adierazi duenez, batetik, aurrez aurreko taldeak izango dira oinarrizko mailetakoentzat eta B1, C2 zein C1 mailetakoentzat.

Bestetik, autoikaskuntzarako aukera ere eskainiko du udal euskaltegiak. "Etxean lan egiteko unitateak jartzeko euskaltegi birtual bat sortu dugu, EuskaraOn, eta hortik jasotzen dute ikasleek matariala", dio. Hala ere, ikasleek euskaltegira jo beharko dutela ohartarazi du: "Oinarrizko mailako ikasleek astean tutoretza bat izaten dute eta maila aurretatuagokoek, berriz, hamabostean behin. Horrez gain, astero mintza saioa izaten dute taldean".

Bestalde, euskara agiriak eskuratzeko aukera ere badago: A1, A2 eta B1 mailetako ikasleek euskaltegian bertan urte osoko ebaluazio jarraituaren bidez eta amaieran azterketa bat eginda, eta B2, C1 eta C2koek HABEk edo beste erakunderen batek antolatutako azterketetara aurkeztuta.

Gogoratu du HABEk 2015ean erabaki zuela helduen euskalduntzearen ikasprozesua gidatuko duen Curriculum berria ezartea, eta Zarauzko euskaltegian ere horretara egokitzeko lanean ari direla. "Bertan jasotzen da ikasle helduak euskara ikasten egin behar duen aurrerabidea, eta sei mailatan egituratzen da". Gaineratu du euren irakaskuntzaren ardatza ikaslea dela, eta euren metodologia hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan dagoela oinarrituta. "Izan ere, hizkuntzarekin gauzak eginez eta egiteko ikasten baita euskara. Era berean, gure inguruko ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokituta".

Beka sistema

Nekane Iribar Euskara zinegotziak jakinarazi du udalak lagundu egin nahi diela euskara ikasteko asmoa dutenei. Horretarako, beka sistema bat du abian. "Euskara ikasten ari denari matrikularen %75a itzultzen dio, baldin eta emandako orduen %80a betetzen badute". Langabeei, berriz, %100a itzultzen zaie. Halaber, HABEren azterketaren bat gainditzen dutenek diru laguntza jasotzeko aukera dutela dio.

"Aurrez aurreko taldeez zein autoikaskuntzaz gain, erretiratuentzat taldeak ere izango ditugu, baita Gizarte Zerbitzueetako immigrazio eta kultur aniztasuneko teknikariekin elkarlanean aurrerago antolatuko dugu Aisa harrera ikastaroa ere". Horrekin batera, Urola Kostako Udal Elkarteak Mintzalagun egitasmoa ere eskaintzen duela adierazi du.

Euskaltegiko ikastaroetan izena eman nahi dutenek hilaren 22ra arteko epea izango dute. Horretarako, Iturribide kaleko 28. zenbakian dagoen egoitzara jo daiteke, 943-13 11 53 edota 943-85 50 84 telefonoetara deitu ala euskaltegia@zarautz.eus helbidera idatzi.

AEKn ere eskaintza zabala

Beste hainbeste ikastaro eskainiko dituzte AEKn ikasturte berrirako, "%100 eraginkorrak". Euskalduntze maila guztiak jorratuko dituzte; hastapenekoak; B1 eta B2 mailetako azterketak prestatzeko ikastaroak eman; EGA prestatzekoak; alfabetatze ikastaroak; gurasoei zuzendutakoak; Mintzalagun taldeak. Hori guztia ordutegi malguekin.

Kasu honetan ere, irailaren 22ra arteko epea jarri dute izena emateko. Horretarako, Araba kaleko 13. zenbakiko egoitzara jo daiteke (10:00-13:00 eta 17:00-20:00 artean), 943-13 01 75 telefonora deitu edota zarautz@aek.eus helbidera idatzi. Ikastarootan izena ematen dutenek ere Eusko Jaurlaritzako laguntzak nahiz udal bekak jasotzeko aukera izango dute zenbait baldintza beteta.