+60 Adinekoen Astea egingo dute urriaren 2tik 8ra

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 15a, 16:58
+60 Adinekoen Astearen aurkezpenean Zarauzko Adineko Mahaiko kideak (Aritz Mutiozabal).

Karta jokoen txapelketetarako izen-ematea hilaren 22an bukatuko da, eta urriaren 7ko bazkarirako txartelak hilaren 26a bitartean salduko dituzte.

Zarauzko Adineko Mahaiak izen berria jarri dio Jubilatuen Asteari, eta +60 Adinekoen Astea bezala aurkeztu dute aurten egitasmoa. "Adinekoa izateari balioa eman nahi diogu. Zarauzko adinekoak herritar parte hartzaileak eta aktiboak dira, eta horrela erakutsi digute oraingoan ere, aste hau antolatzen ilusioz jardun baitute", adierazi du Hirugarren Adineko zinegotzi Miren Letamendiak. Udalak adinekoen "beharrei erantzutea" eta "beraien parte hartzea sustatzea" duela helburu nabarmendu du zinegotziak, eta "Adineko Mahaiko kideekin batera horretan egiten dugu lan".

Urriaren 2tik 8ra ospatuko dute +60 Adinekoen Astea, eta herriko adinekoak izango dira egun horietan protagonista. Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte, egitarauan ikus daitekeen bezala [Antoniano aretoan iragarritako jarduerak Modelo aretoan egingo dituzte]. Aurten, erakusketa bat ere jarriko dute, Merkatu plazan. Bertan, adinekoek egindako margolanak eta eskulanak ez ezik, 40ko eta 50eko hamarkadetako argazkiak ikusi ahalko dira. 

Besteak beste, karta jokoen –mus, tute eta seiko– txapelketak ere antolatu dituzte, eta horietan parte hartzea doakoa bada ere, izena eman behar da aurretik Iñurritza edo Udaberri elkarteetan; hilaren 22ra arte dago horretarako epea. Bestalde, urriaren 7ko bazkarirako txartelak hilaren 26a bitartean egongo dira salfgai, 10 eurotan, aipatutako bi toki horietan.