Shanae Ishidak eta Francisco Ubertok irabazi dute Francisco Escudero lehiaketa

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 18a, 17:41

Bi lanei eman diete X. Francisco Escudero Akordeoirako Konposizioen Nazioarteko Lehiaketako lehen saria: Shanae Ishida japoniarraren Fort the birds eta Francisco Uberto argentinarraren Una noche en el jardin de neon izenekoei. Bakoitzak mila euroko saria jasoko du, eta aipatutako lanak argitaratuko dizkiete.

Bigarren saria Daniel Alvarado Bonilla kolonbiarrarentzat izan da, Ritual III piezagatik; 500 euro jasoko ditu, eta lanaren argiltapena. Bestalde, Philippe Christoph Mayer alemaniarraren En passant des passants lanak  aipamen berezia jaso du; sari gisa, bere konposizioa estrenatuko dute jendaurrean.

Larunbat arratsaldean jakitera eman zituzten aurtengo lehiaketako saridunak, Akordeoi Astearen barruan, Modelo aretoan egindako ekitaldian. Ramon Lazkano, Maria Eugenia Luc eta Mikel Urkizak osatu zuten epaimahaia, eta adierazi zutenez ediziori zailena izan da, kalitate handiko obra ugari aurkeztu direlako aurten.

Ekitaldian, Sofia Avramidou musikagilearen VoCx iazko obra irabazlearen estreinaldia egin zuten, baita aipamen berezia jaso zuen Carlos Nuñezen Reflexions sonores lanarena ere. Era berean, Musikaren Historian eta Zientzian doktore Itziar Larrinagak Escuderori buruzko hitzaldia eman zuen, eta, jarraian, mahai-inguru bat egin zuten, Eresbileko zuzendari Jon Bagües, Ramon Lazkano musikagilea eta Musikeneko zuzendari Miren Iñargaren artean.

Argazkiak: Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkartea