Adin mugarik gabe jolasteko

Aritz Mutiozabal 2017ko ira. 19a, 14:37
Pailazoak herriko aitona-amonekin eta haurrekin, Modelo aretoaren kanpokaldean (Aritz Mutiozabal).

Aitona-Amonen Eguna erreportajea jaso dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsen DVD berrian. Bertan, Manolo Urbietaren musika lagun, herriko haurrak eta aitona-amonak ageri dira kantuan eta dantzan.

Katxiporreta Kooperatibak Zarauzko Musika plaza aukeratu zuen Pirritx, Porrotx eta Marimotosen disko bikoitz berria aurkezteko. Korrikaren 20. urteurrenari buruzko Tipi-tapa, Korrika! eta Manolo Urbietaren omenezko Pupu eta Lore - Haizearen herrira jasotzen ditu lan hark, eta iazko azaroan izan ziren pailazoak herrian, grabazioaren nondik norakoak kontatzeko. Ia urtebete geroago, Modelo aretoan bildu dira gaur, aipatu diskoen harira sortu eta han-hemenka taularatu dituzten ikuskizunen DVDa aurkezteko.

Horiez gain, Aitona-Amonen Eguna erreportajea ere txertatu dute. Salbatore Mitxelena Ikastolako haurrak eta  Santa Ana egoitzako, Maria Etxetxiki Eguneko Zentroko, Udaberri abesbatzako eta Montetxio abesbatzako aitona-amonak dira protagonista. Belaunaldi ezberdinak, adin mugarik gabe, Manolo Urbieta zenak azken urteetan konposatutako abestiekin kantari, jolasean eta dantzan ageri dira. Hain justu ere, hori baitu xede proposamen horrek.

Porrotxek adierazi du Kontxi Aizarna eta Iosu Txapartegi Txapas izan direla erreportajearen «eragile, bultzatzaile eta arima». Aizarnak gogorarazi du Urbieta bera ere aitona zela, eta bilobak ere bazituela: «Benetan nahi zuen aitona-amonak eta beren bilobak elkarrekin jolastea eta dantzan egitea». Duela zazpi urte Aitona-amonekin kantari diskoa kaleratu zuen musikagileak, eta, ondoren, pailazoekin egindako lana etorri zen. Horri lotuta, «Manolok nahi zuen hura bideoan egitea pentsatu zuten».


Beharrezko «aspirina»

Benetan goxo zainduko zaitut, nigan lekutxo bat izango duzu. Urbietaren abestietako baten esaldia aipatuz, askotan maitasun hitzak musikarekin errazago esaten direla adierazi du Txapasek: «Hemendik aurrera Euskal Herri osoan ohituko gara Manoloren hitz horiek esatera. Barru-barruan ditugunak, baina esatera ausartzen ez garenak». Ha­laber, gaurko munduak behar duen «aspirina» dela gaineratu du.

Belaunaldi ezberdinen arteko harremanari «garrantzia» ematen diotela nabarmendu du Porrotxek: «Iruditzen zaigu Euskal Herri osora zabalduko dela mezua, eta herriz herri haurrak eta aitona-amonak elkarrekin gozatzen arituko direla. Zarautzen egin duzuena eredu bat da».

Pirritxen arabera, pedagogia berrietatik eta ludikotasunetik asko du, eta «denontzat da terapeutikoa, maitasuna, musuak eta besarkadak onuragarriak direlako».

Aurkezpen ekitaldian izan dira proiektuan parte hartu duten haurrak eta aitona-amonak, eta erreportajea osorik ikusteko parada izan dute Modelon bertan. Pailazoek, gainera, Xabier Zabala musikaria eta Pupu eta Lore ere izan dituzte bidaide saioan.