«Dantzaria dena dantza egitera itzultzen da, eta ongi pasatzen du»

Telmo Esnal zinemagilea eta dantzaria (Aritz Mutiozabal).

Zinemagile bezala ezaguna bada ere, euskal dantzarekin harreman luzea du Telmo Esnalek.

Eskola garaian eman zituen lehen pausoak, La Salle ikastetxean, eta Iratzarri dantza taldea sortu zutenean, bertan hasi zen dantzan. «14 bat urterekin izango zen. Gero, gogoan dut 18 urterekin Donostiako Goizaldi taldean hasi nintzela, eta Argia taldearen Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan parte hartu nuela. Hor ezagutu nuen Juan Antonio Urbeltz».

Euskal Astearen barruan antolatzen den Aurresku Txapelketan ere parte hartzen zuela gogora ekarri du Esnalek. «Batzuetan sariak lortzen nituen, eta, besteetan, aldiz, ez. Badakizu nola izaten den hori». Entseatzen orduak eta orduak ematen zituela dio, eta herriko sariketan ez ezik, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan ere parte hartzen zuela. Bestalde, Goizaldi taldean ibili arren, beste dantza talde batzuekin ere ibili izan zen, dantzariren bat ordezkatzen-edo. Hala, Azpeitiko Itsasirekin Poloniara bidaiatzeko aukera izan zuen eta Irungo Kemenekin Alemaniara.


«Bizitzeko era bat»

Lan kontuak tarteko, 28 urterekin Madrilera joan zen bizitzera, eta dantza mundua «erabat baztertu» zuen bere bizitzatik. «Orain, Dantza filmari esker berreskuratu egin dut harreman hori, eta oso polita da». Zinemagile zarauztarraren arabera, «dantza bizitzeko era bat da».  Ez dakiela zergatik, baina dantzan egiterakoan «ongi» sentitzen dela aitortu du: «Jendeak gehiago dantzatuko balu, hobeto biziko litzateke. Dantza inportantea da bizitzan».

Filmatzen ez ezik, dantzatzen ere jarraitzen du gaur egun. Orain Zarauzten bizi bada ere, bi urte eman ditu Pasai San Pedron, eta bertan fandangoa eta arin-arina erakusten aritu da. Aurretik, gainera, klakea ikasten ere aritu zen hiru urtez. «Dantzara itzuli naizenean, konturatu naiz –batez ere klakearekin hasi nintzenean– oso eroso sentitzen nintzela entsegu gela batean. Kalean baino gehiago. Kalean erreserbatuagoa bainaiz».

Azkenekoz, Euskal Jai Egunean aritu zen dantzan. «Hemen [Musika plazan] aritu nintzen kuadrillakoekin fandago batzuk dantzatzen eta gozatzen». Izan ere, gauzak oso argi ditu: «Dantzaria dena dantza egitera itzultzen da, eta oso ongi pasatzen du gainera».

Erlazionatuak

«Gauzak kontatzeko modu bat da dantza, eta hori unibertsala da»

Zarautz

Datorren udaberrirako bukatu nahi du Telmo Esnal zinemagileak (Zarautz, 1966) Dantza filma; gero, noiz estreinatuko den beste kontu bat dela dio. B...