Bihotzez elkartearen aldeko elkartasun lasterketa antolatu dute

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 22a, 15:24
Bihotzez herri lasterketa solidarioaren aurkezpenean, udaleko ordezkariak eta Bihotzezeko kideak (Aritz Mutiozabal).

Urriaren 1ean jokatuko da, Itxasmendiko jaien barruan. 4,9 kilometroko proba osatu beharko dute parte hartzaileek, eta dagoeneko izena eman daiteke herrikrosa.eus atarian.

Bihotzez herri lasterketa solidarioa antolatu dute, Bihotzez kardiopatia duten umeen familien elkartearen alde. Lasterketa urriaren 1ean jokatuko da, Itxasmendi auzoko jaien barruan, 11:00etan hasita, eta herrikrosa.eus atarian eman daiteke izena aurrez, 10 euro ordainduta; egunean bertan ere izango da horretarako aukera, 09:30etik 10:30era, baina 15 euro balioko du. Parte hartzaileen gutxieneko adina 16 urtekoa izan beharko du.

Herriari itzulia emango dion 4,9 kilometroko ibilbide laua prestatu dute egoerarako. Korrikalariak Itxasmendi auzotik abiatuko dira, eta Maria Etxetxiki kaletik Iñurritzatik igaro ondoren, malekoira jaitsitiko dira; itsas pasealekua zeharkatu eta Alde Zaharrera iritsiko dira, handik Salbidera joko dute eta Araba kalean sartuko dira, Itxasmendin helmugaratzeko. Lehen hiru sailkatuentzako sariak egongo dira, gizonezkoetan nahiiz emakumezkoetan. Zarauzko onenek ere saria jasoko dute, eta hainbat opari ere zozkatuko dituzte, herriko dendariek eta ostalariek eginiko ekarpenei esker. Gainera, Xabier Euzkitze ariko da esatari lanetan.

"Babes osoa"

Bihotzez elkarteko kide eta Zarauzko bizilagun Elena Martinen bitartez jaso zuen udalak elkartasun lasterketa antolatzeko proposamena. Iban San Martin Kirol zinegotziaren adierazi du halako ekitaldiak "oso positiboak" izaten direla, eta udalaren "babes osoa" duela. Bide batez, "elkartasuna adierazi nahi diegu familia hauei, eta haur horien bizi kalitatea hobetzeko gure aletxoa jarri nahi dugu". Era berean, etorkizunean elkarlanean aritzeko prestutasuna azaldu zuen.

Bihotzezek Gipuzkoan antolatutako lehenengotariko ekitaldi dela nabarmendu dute Bihotzez elkarteko presidente Josune Berruetak eta kide Izko Lekuonak, eta zarauztarrak ez ezik, gipuzkoar oro animatu dituzte lasterketan parte hartzera. Korrika egin ez, baina norbaitek bere ekarpena egin nahiko balu 0 Dortsala erosteko aukera izango du; honakoa ere herrikrosa.eus-en eskuratu daiteke.  "Azken finen, gure haurrek bizi duten errealiatea erakusteko eta elkartea ezagutzera emateko aukera ezin hobea da". Egunean bertan elkarteak bere postua jarriko du Itxasmendin, herritarrei informazioa helarazteko eta beraien materiala saltzeko.

Miren Letamendia Osasun zinegotziak Bihotzezek egiten duen lana goraipatu du, familiei laguntza emateko zegoen gabeziari erantzun bat emateko sortu zutela nabarmenduz. Izan ere, "momentu gogorrak pairatzen dituzte familiek eta horregatik ezinbestekoa da elkar laguntzea".

Erlazionatuak

Bideoa: Zarautz Bihotzekin

Zarauzko Hitza 2017 ira 22 Zarautz