Artzain txakur lehiaketa jokatuko dute Talaimendin

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 26a, 17:59
Artzain txakur bat lanean (utzitakoa).

Lau saio egingo dituzte asteburuan; hiru larunbatean eta bat igandean, hain zuzen ere.

Border Collie arrazako artzain txakurren lehiaketa egingo dute larunbatean eta igandean Talaimendiko berlardietan, Gran Camping Zarautzen ondoan. Aurrez finkatutako lanak egin beharko dituzte txakurrek, artaldeak zaintzeko duten abildadea erakutsiz.

Hasteko, 350 metrotara dauden ardien bila joan beharko dute, eta, ondoren, aurrez irudikatutako bidetik pasa beharko dute artaldea artzainaren aginduei jarraituz. Era berean, ardiak eremu borobil batean batu, korta moduko hesian sartu, artaldea banatu agindutako kopuruan eta abar egin beharko dituzte. Igandeko saioan, lana zailduko zaie: artaldeko ardiak markatuko dituzte eta txakurrek ardien arteko bereizketa hori kontuan izan beharko dute.

Larunbatean hiru saio egingo dituzte: lehen mailako bi, 09:00etan eta 11:00etan abiatuta, eta 2. mailako bat, 15:00etan. Igandean, berriz, saio bakarra izango da, 09:00etan hasita.

Bestalde, ardi mozketa saioak ere egingo dituzte, eta bertaratzen direnek txakurrak ezagutzeko eta haien lanaz nahiz heziketaz galdetzeko aukera izango du.