Txiki gogoan izan dute, Gudari Egunean

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 27a, 13:39
Txikiren ama, hilobiaren aurrean (Aritz Mutiozabal).

Francoren erregimenaren azken fusilamenduen 42. urteurrenaren harira, Juan Paredes Manot Txiki zarauztarraren omenezko ekitaldia egin dute gaur eguerdian.

Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatuta, Zarauzko hilerrian elkartu dira Txikiren familiako kideak, gertukoak eta hainbat herritar, omenduaren hilobiaren aurrean. Erakunde publikotako ordezkariak ere izan dira: Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramale eta Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasa eta Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari Maribel Bakero, baita Zarauzko EAJ, EH Bildu eta Irabazi Zarautz udal taldeetako kideak ere.

Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kide Martxelo Alvarezek gidatu du ekitaldia, eta Francoren erregimenak hildako bost kideak gogoan izateaz gain, egun Katalunian bizitzen ari den egoera izan zuen hizpide. Hori horrela, aurten ikurriñaz eta bandera errepublikarraz gain, señera bat ere jarri dute hilobiaren ondoan. Gainera, CUPeko diputatuAnna Gabrielen eskutitz bat ere irakurri du.

Bi dantzarik aurreskua dantatu dute, eta musikarien laguntzaz, El Rossinyol eta ohiko Soy viento de libertad abestiak kantatu dituzte. Azkenik, Eusko gudariak abestuz eman diote bukaera urteurrenari, eta bide batez, gogoratu dute Cerdanyola del Vallesen (Bartzelona, Katalunia) Txikiren omenezko ekitaldi politikoa izango dela larunbatean, 12:00etan.

Erlazionatuak