SUP Surf Txapelketa izango da jokoan larunbatean

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 5a, 11:17
Iazko SUPeko proba (Hitza).

Federatuek bakarrik izango dute izena emateko aukera, eta Euskal Herrian erroldatuta egon beharko dute. Munoa parean izango da lehia.

Euskal Zirkuituko SUP Surf Txapelketa jokatuko dute larunbatean, Zarauzko hondartzan, Munoa parean. Berez, uztailean jokatzekoa zen, baina atzeratu egin zuten, jende gehiagok izena eman zezan. Ekitaldia Orioko SUP Race txapelketaren egun berean izango da. Zarautzen jokatuko dena olatuetan egiten den SUP modalitatea da, eta SUP Racea baino «espezifikoagoa» dela uste du Oier Ilarramendi Euskal Herriko Surf Federazioko arduradunak.

Gainera, Orion ez bezala, federatuek bakarrik izango dute izena emateko aukera eta Euskal Herrian erroldatuta egon beharko dute. Lau kategoria izango dira: emakumeen eta gizonezkoen open mailak alde batetik, eta gazte emakumezkoen eta gizonezkoen mailak bestetik. Sailkatutako lehen euskalduna Euskal Herriko Txapelduna izendatuko dute. Horrez gain, lau domina banatuko dizkiete finalistei kategoria guztietan.

Parte hartzaileek ostiral gaua baino lehen eman beharko dute izena www.wavescores.net webgunean.