Boluntarioak dira Atzegiren kanpaina berriko protagonistak

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 6a, 09:00
Atzegiren kanpaina berriaren aurkezpena, Zarautzen (Aritz Mutiozabal).

AtzegiXperience lelopean, elkarteak boluntario izatera eta esperientzia "ahaztezinak" bizitzera animatu nahi ditu herritarrak.

Adimen urritasuna duten pertsonekin denbora partekatzen duten boluntarioen lanari balioa emateaz gain, beraien prestutasuna eskertu nahi du Atzegiren sentsibilizazio kanpaina berriak. Era berean, boluntario izatera animatu nahi dituzte herritarrak, eta horretarako, deialdi berezi bat prestatu du, modan dauden esperientzia kaxekin irudikatuz.

Bizipoza, Escapadas, Bienestar eta Bidelagun izenez aurkeztu dituzte AtzegiXperience kaxak, Zarauzko Txolarte aisialdi taldearen egoitzan. Modu horretan, boluntario izateko era ezberdinak daudela azaldu nahi du Atzegiko kanpainako koordinatzaile Patricia Ayok: besteak beste, zaletasunen bat partekatzea, ekimenetan parte hartzea, oporretara joatea edota elkarrekin zerbait hartzera ateratzea. Esperientzia "ahaztezinak" izan daitezkeela nabarmendu dute Atzegiko kideek.

Boluntarioak "edozertarako" behar direla aditzera eman du Atzegiko kide eta senide Maria Luisa Palaciosek, "errealitate bihurtzen" laguntzen dutelako. Elkarteko senide Amagoia Kortak gaineratu du "bakoitzak ahal duen moduan" lagundu dezakeela, "ez dago loturarik, bakoitzak hartzen dio neurria". Xabier Txurruka alkatea ere aurkezpen ekitaldian izan da, eta sanpelaioetan eginiko aitortza gogoan hartuta, Txolartek egiten duen lana eskertu du: "Boluntarioei esker urritasuna duten pertsonen gizarteratzea errazagoa da".

Amaieran, Txolarteko boluntarioak diren Maialen Prieto, Maite Eizagirre eta Janire Muñozek beraien esperientziak azaldu dituzte. Asteburutan elkartzen dira Atzegiko erabiltzaileekin aisialdia partekatzeko. "Asko ikasten da haiengandik, eta beharrezkoa da horrelako pertsonen inklusibitatea aurrera eramateko", nabarmendu dute.

Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartearekin bat egin eta "esperientzia berriak" bizi nhi dutenek 943-42 39 42 telefonora dei dezakete. Informazio zabalagoa eskuratzeko Atzegiren webgunean eskuratu daiteke. Bestalde, Atzegiren ekitaldi nagusia urriaren 10ean egingo dute Donostiako Antzoki Zaharrean, 18:30ean. Ekitaldi irekia izango da, baina gonbidapenak elkartearen bulegoan jaso behar dira.