"Aurrekontu indartsuak izateko oinarria jartzen ari gara ordenantza fiskal hauekin"

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 6a, 18:23
Jesus Arana Ogasun zinegotziak gaur azaldu ditu ordenantza fiskalen nondik norakoak.

Atzoko ezohiko osoko bilkuran onartu zituzten behin behinean 2018ko ordenantza fiskalak, Udal Gobernuko alderdien babesarekin. EH Bilduk eta Irabazi Zarautzeko kontra bozkatu zuten. Oposizioko bi taldeek boto partikular bateratua aurkeztu zuten aurrez, baina ez zen aurrera atera.

Udal Gobernuak ordenantza fiskalei dagokionez duela 2 urte hasitako bideari jarraitu diola nabarmendu du Jesus Arana Ogasun zinegotziak. Hala, 2018ko ordenantza fiskalek, salbuespenak salbuespen, %1,4ko igoera izango dute, azpi inflazioaren indizeari dagokiona, hain zuzen ere. "Indize hau erregularragoa da, ez ditu KPIak dituen gorabeherak. Etorkizunera begira prezioak zehazten ari gara, eta azpi inflazioa adierazle ona da ikusteko zein joera izango duten zenbatekoek". Azpi inflazioaren indizea KPIa baino baxuagoa dela zehaztu du.

Gizarte Zerbitzuekin zerikusia duten zergak, aldiz, izoztu egingo dituzte. "Garbi daukagu ordenantza fiskalek politika soziala babestu behar dutela. Hori dela eta, gizarte zerbitzuekin lotura duten tasak bere horretan geratuko dira", nabarmendu du. "Hainbat hobari emango ditugu, hainbat prezio izoztu ditugu... Garbi dugulako herritar guztiok aurrera egin behar dugula batera. Horregatik, beharrezkoa da ordenantza fiskalak justuak ta orekatuak izatea". 

Atzo onartu zituzten behin behinean eta gehiengoz datorren urteko ordenantza fiskalak, gehiengoz. "2018ko aurrekontuak indartsuak izan daitezen oinarria jartzen ari gara ordenantza fiskal hauekin", adierazi du Aranak.

Honakoak dira ordenantza fiskalen puntu nagusiak:

  • Ondasun Higiezinen gaineko Zerga. Tasa hori ere izoztea erabaki du Udal Gobernuak, hau da, ez dUte %1,4ko igoera aplikatuko. Aranak adierazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak katastroan %2ko igoera bat aurreikusi du 2018rako. Udal Gobernuari "gehiegizkoa" iruditu zaio bi igoerak aplikatzea, eta hortaz, OHZ ere bere horretan utzi dute.

    OHZren gaineko errekarguari dagokionez ere ez da aldaketarik izango: %100 gainkarga aplikatuko diete etxebizitza hutsei. Etxea hutsik dagoen ala ez zehazteko energia kontsumoari lotutako baremoak baliatuko dituzte. 

    Familia ugariei dagozkien hobariek aldaketa izango dituzte, ordea. "Aurreko urteetan ere aplikatu izan ditugu hobariak baina aurten beste urrats bat eman dugu", aurreratu du Aranak. Hirukide familia ugarien elkartearekin bildu dira udal ordezkariak eta hainbat proposamen egin dizkiete. OHZri dagokionez, esaterako, beste tarte bat txertatu dute. Hala, 20.000 eurotik 30.000 eurora bitarteko diru sarrera duten familiek %20ko hobaria jasoko dute zerga horren kasuan. "Muga bat behar du. 30.000 eurotik gorako diru sarrerak dituztenek badute ahalmena beste edozein herritar bezala zerga ordaintzeko, horregatik zabaldu dugu baina beti ere muga ezarrita". Aurrez finkatutako beste biri–10.000 eta 20.000 euro bitarteko diru sarrerak dituztenei %40ko hobaria eta 10.000ra heltzen ez direnei %90ekoa– gehitu diote honakoa.

  • Jarduera ekonomikoa eta gainbalioa. Aldaketarik ez dute planteatu iaztik. %1,4ko igoera aplikatuko da.

  • Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga. Oro har, kasu honetan ere, %1,4ko igoera aplikatuko dute eta familia ugarien hobarietan hainbat aldaketa izango da. Hain justu, zaldipotentziari dagokion muga aldatu dute. Iaz ezarri zuten %50eko hobaria ematea 14 zalditik behera zuten bost eserlekuko ibilgailuen kasuan. Hori zabaldu eta aurrerantzean 16 zaldira igo dute muga, Hirukidekoek proposatuta eta hainbat ibilgailuren edukiera kontuan izanda. Hala ere, familia ugarien diru sarrerei erreparatuko diote hobariak ematerakoan; aurreko puntuan bezala, 30.000 eurotik beherako errenta dutenek jaso ahalko dute hobari hori.

    Gainera, berritasun gisa, familia ugariek izapideak egiteko erraztasunak ere izango dituzte; ez dute urtero txartela aurkeztu beharko hobari horiek eskatu ahal izateko. Txartelaren iraungitze data kontuan hartuko dute horretarako. 

  • Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga. Berritasun gisa, zuzkidura bizitokietan obrak egiteko lizentziak eskatzean %50eko hobaria eskainiko dute, etxe horiek funtzio soziala dutela kontuan izanda.
  • Udal Jabari Publikoko tasa. Orokorrean, %1,4ko igoera izango du eta beladoreen kasuan aldaketak egingo dituzte. "Beladoreak gunearen, azaleraren eta sasoiaren–udan ala urte osoan– arabera sailkatu izan ditugu orain arte. Ikusi dugu puntu bat falta zela: ordutegia kontuan izatea beharrezkoa dela", dio Ogasun zinegotziak. Hala bi zutabe sortu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren oinarrien arabera: bata berandu ixten dutenekin eta bestea goizago erretiratzen dituztenekin. "Uste dugu beladoreek jabari publikoa zenbat denboran okupatzen duten kontuan izatea garrantzitsua dela, ordainketa bera ere justuagoa izan dadin".

  • Hondakinen gaineko zerga. "Iaz %5eko igoera izan zuen, zerbitzua defizitarioa baita. Aurten aldaketak egin ditugu 2018ko urtarriletik aurrera hondakin guztien bilketa–errefusa barne–Urola Kostako Udal Elkarteak bideratu dezaten", azaldu du. Modu horretan, hondakinei dagozkion fakturak mankomunitatetik jasoko dituzte herritarrek datorren urtetik aurrera. Hori dela eta, ez dute aldaketarik egingo.
  • Uraren gaineko tasa. Gipuzkoako Ur Kontsozioak esaten duenari eutsiz, ur hornidurak %1,24ko igoera izango du, baina kanonak jaitsi egingo dituzte, zehazki, %0,73.
  • TAOko tasa. Bi tasa gehitu dituzte. Batetik, txartela dutenek egoiliarren guneetan ordubetez baino gehiago aparkatzen badute, 15 euroko isuna jasoko dute. Bestetik, txartelik ez dutenek 20 euroko isuna izango dute gune urdinetan aparkatuz gero. Era berean, %20ko hobaria emango diete elbarrituen txartela dutenei gune urdinetan aparkatzen badute.

Boto partikular bateratua, atzera

EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zituzten behin behinean 2018ko ordenantza fiskalak atzoko ezohiko udalbatzarrean. EH Bilduk eta Irabazi Zarautz udal taldeek ez zuten babestu Udal Gobernuaren proposamena. Oposizioko taldeek, ordenantza fiskalen proposamena eztabaidatu aurretik, boto partikular bateratua aurkeztu zuten.

Horren bidez, hainbat eskaera egin zituzten EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek. Horietako bat Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ingurukoa zen. Oposizioak errekarguak aplikatzea proposatu zuen: batetik, ohiko etxebizitzak ez direnei %75ekoa eta etxe hutsei, berriz, %150eko gainkarga. "Gure ustez etxebizitzak balio soziala du. Etxebizitza parke bat badugu Zarautzen, baina erabilera murritza du. Hori dela eta, errekargua aplikatu beharra dago, ez baita gauza bera ohiko etxebizitza izatea, bigarren etxebizitza bat izatea ala etxe huts bat izatea", zehaztu zuen Iñaki Eizagirre EH Bilduko zinegotziak. Honela mailakatu ditu oposizioak errekarguak:

  • %75eko errekargua inor erroldatu gabe eta 700 KVh (elektrizitatea), 2.000 kwh (gasa) eta 10 metro kubikoko (ura) gutxieneko kontsumoak betetzen ez dituzten etxeentzat.
  • %150eko errekargua inor erroldatu gabe eta 300 KVh (elektrizitatea), 900 kwh (gasa) eta 5 metro kubikoko (ura) gutxieneko kontsumoak betetzen ez dituzten etxeentzat.

Halaber, familia ugarien hobariak jasotzeko irizpide orokor gisa muga 20.000 euroko errenta estandarizatuan jarri zuten. Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zergari dagokionez, etxe hutsen programaren baten barruan dagoen etxebizitzeK %2ko karga tasa ezartzeko proposatu zuten EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek. 

Horrez gain, zerbitzu publikoak eskaini eta jarduera administratiboak burutzeagatik ordaindu beharreko tasetan ere proposamenak egin zituzten, kuotak kontsumoaren arabera finkatzeko. "Hala, gehiago kontsumitzen duenak gehiago ordaindu beharko du, eta gutxiago kontsumitzen duenak gutxiago". Aldeko 8 boto–EH Bildu eta Irabazi Zarautzenak– jaso zituen oposizioaren boto partikularrak eta 12 kontrako–EAJ eta PSE-EErenak–. Hori dela eta, ez zen aurrera atera.

Datorren urteko ordenantza fiskalak behin behinean onartuta, orain 30 eguneko jendaurreko epea zabalduko da, alegazioak jasotze aldera. Ondoren, beste udalbatzar batean emango diote behin betiko onespena, hala badagokio. Aranak aurreratu du 2018ko urtarrilaren 1erako indarrean izango dira ordenantza fiskal berriak.