"Denboraldi zoragarri honi ezin izan diot behar bezalako amaiera eman"

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 18a, 11:55
Julen Saldias, Konako Ironmanean helmugaratzen (Julen Saldias).

Julen Saldias triatleta zarauztarrak bigarren aldiz hartu du parte Hawaiiko Ironman proban. Lasterketan zehar jasandako beroaren eraginez, duela bi urte baino marka apalagoa lortu du.

Zarauzko Triatloi Elkarteko kide Julen Saldiasek Hawaiiko Ironman proban hartu du parte asteburu honetan. Duela bi urte hartu zuen parte estreinakoz, eta aurten berriro errepikatu du. Hala ere, zapore gazi-gozoarekin itzuli da herrira; izan ere, beroaren eraginez, probaren azken txanpan gorabeherak izan izituen eta lehen aldian baino marka xumeagoa lortu zuen. Bere adin multzoan –35-39 urte artekoetan– 125. postuan bukatu zuen, 10:16:14ko denborarekin; 2015ean 98, postuan sailkatu zen, 10:12:43ko denbora eginez.

Uztailaren 28an Nizako Ironman proban lortu zuen Hawaiiko Ironmanean lehiatzeko txartela, bere adin multzoan lehen postuan sailkatu ondoren. Harrezkero, buru-belarri aritu da Hawaiko proba prestatzen. Urriak 5erako Konara (Hawwaii, AEB) joan zen txapelketako ibilbidean entrenatzeko eta bertako eguraldi heze, bero eta haizetsura egokitzeko asmoz. Entrenamenduak ondo joan zirela azaldu du Saldiasek.

Lasterketa eguna ondo hasi zela dio, eta igeriketako 3.800 metroko saioa osatzeko 58:06 behar izan zuen. Ondoren, bizikletan "erritmo egokian" ibili zen, baina "tenperaturak gorako zihoazen haizerik ez zegon uneetan".  Bizikletako azken kilometroak "luze samarrak" egin bazitzaizkion ere, "lasterketa aurrez pentsatutako bidetik zihoan eta 180 kilometroak egiteko 05:08:35 behar izan nituen".

Julen Saldias bizikletako saioan, Konan (Julen Saldias).

Maratoiko korrikaldia hasi orduko, 5. kilometrorako, gorputzean zeraman "berotualdia" jaisten saiatu zela dio, ura edanez eta kilometro erdi bat oinez osatuz. "Eguzkiak bete-betean jotzen zuen eta ez zegoen itzalik". Lasterketa on bat egite zen Saldiasen helburua proba hasi aurretik, baina xede hori "alde batera utzi eta helmugara iristea" izan zen helburu berria. "Korrika eta oinez aritu nintzen txandaka, gorputza hoztekotan, baina ez nuen lortzen. Azken kilometroak korrika egin eta helmugara sartzea lortu nuen, 10:16:14 denbora eginez. Maratoia 04:03:07an egin ondoren".

"Denboraldi zoragarri honi ezin izan diot behar bezalako amaiera eman, baina orokorrean oso denboraldi ona egin dudala uste dut", baloratu du triatleta zarauztarrak. Era berean, Bpxporteko prestatzaileei, Ainhoa Murua eta Jon Unanue igeriketako entrenatzaileei eta Jesus Apellaniz nutrizionistari eskerrak eman dizkie, "eman didaten laguntzagatik".