Udazkeneko lore eta landareen azoka antolatu dute larunbaterako

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 2a, 12:03
10:00etatik 14:30era egongo da zabalik azoka.

Bigarren urtez, udazkeneko lore eta landareen azoka izango da larunbat honetan, hilaren 4ean, Zigordia kalean. 10:00etatik 14:30era askotariko postuak jarriko dituzte lore eta landare auzea zabala eskaintzeko: barnekoak, sasoikoak, usaindunak eta zuhaixkak, besteak beste. Era berean, landareetatik eratorritako produktuak izango dira salgai, hala nola, xaboiak, kosmetikoak, sendagai naturalak, haziak, sendabelarrak, lore lehorrak eta baita bitxiak ere.

Udaletik nabarmendu dute "arrakasta handia" izan ohi dutela halako ekimenek, herritarrei erosketa gune egokia eskaini eta ekoizleari zuzeneko salmenta egiteko aukera ematen dielako, zuzeneko harremanak sortuz saltzaile zein kontsumitzailearen artean. "Elkar ezagutza horrek aukera ematen du erostera goazen produktua nola ekoitzi duten jakiteko. Beraz, konfiantza handiagoa sortzen da saltzaile eta kontsumitzailearen artean". Hori dela eta, herritarrak azokan parte hartzera animatu ditu udalak.