Baserriko Uzta egitasmoaren lehen saioan hartu du parte Anjel Lertxundik

Urola Kostako Hitza 2017ko aza. 4a, 17:26
Baserriko Uzta egitasmoaren lehen saioa, Antzuolan. (Nerea Uranga)

Idazleak aurreratu du Horma izeneko eleberria aurkeztuko duela aurki.

Urtaro bakoitzeko Euskal Herriko baserri bat zabalduko du Baserriko Uzta egitasmoak, kontzertu plaza bihurtzeko. Udazkenean ondo murgilduta, gaur izan da lehen saioa, Josebe Blanco artzainaren etxaldean, Pikunietan (Antzuola, Gipuzkoa). Bertan parte hartu dute Anari Alberdi musikari azkoitiarrak eta Anjel Lertxundi idazle oriotarrak. Musikariak kontzertua eman du lehenik, eta, ondoren, solasaldia izan da harekin eta Lertxundirekin. Lertxundik aurreratu duenez, Horma izeneko nobela aurkeztuko du Durangoko Azokarako; inkomunikazioarekin inguruko lana izango da.

EHKolektiboak, Zuzeuk eta Paperezko Kontzertuak ekimenak elkarlanean jarri dute martxan Baserriko Uzta proiektua. Laborantza eta euskal musika ezagutzera eman nahi dituzte egitasmoaren bidez, eta, horregatik, ez dira kontzertuetara soilik mugatuko saioak. Hain zuzen, etxaldea bisitatu eta nekazarien egunerokoa ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta bazkaria ere egingo dute, EHKO kideen baserrietako elikagaiekin.