Orokieta eskola Erasmus + programan

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 16a, 08:00
Yes aurkezpen bideokonferentzia (Orokieta).

Europako Batasunaren Erasmus + programaren barruan YES (Young Enterpresing Students) proiektua garatuko du Zarauzko Orokieta Herri Eskolak, Europako beste bost eskolekin batera.

«Erasmus+ programaren helburua da herrialde ezberdinetako eskolen artean elkarlana eta praktika onen trukaketa ahalbideratzea. Hainbat proiektu aurkezten dira urtero eta gutxi batzuk bakarrik izaten dira aukeratuak. Aukeratutakoek Europar Batasunaren finantziazioa jasotzen dute proiektua aurrera eramateko», azaldu dute Orokietakoek. YES (Young Enterpresing Students) proiektua garatuko du, Europako beste bost eskolekin batera, eta «harro eta pozik» agertu dira, beraiena izan delako Lehen Hezkuntzan Gipuzkoan onartua izan den proiektu bakarra.

Matematika, atzerriko hizkuntza, IKTak eta arte hezkuntza bateratuko dituen curriculum berritzailea sortzea da YESen helburua, arlo horiek lotzeko enpresa sorkuntza erabilita. Prozesu horretan, eskola guztietako ikasleek enpresa fisiko eta digitala sortu beharko dute, ekoiztuko dutena erabaki, ekoiztu eta saldu. Enpresarekin lortutako irabaziak gobernuz kanpoko erakunde bati emango zaizkio.

Erasmus + proiektuek duten beste berezitasun bat da elkarlanean ari diren irakasle eta ikasleen bidaiak finantzatzen direla. Hortaz, Orokietako bi irakasle joango dira abenduan Czestokowara (Polonia) proiektuaren inguruko nazioarteko plangintzaren bilerara. Apirilean, Polonia, Turkia, Italia eta Portugaleko ikasleak eta irakasleak etorriko dira Zarautzera, Orokieta eta Euskal Herriko industria eta zerbitzu enpresak ezagutzera.

Hurrengo bi ikasturteetan, berriz, zarauztarrei tokatuko zaie euren atzerriko ikaskide eta lankideak haien herrietan bisitatzea. Elkartze bidai horiez gain, teknologia berriak erabiliz, elkarrekin egingo dute lan proiektuak irauten dituen hiru urteetan zehar ekimenaren xedea gauzatzeko.