Haurren eskubideak aldarri

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 17a, 10:00
Nekane Iribar eta Gloria Vazquez, aurkezpenean. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Astelehena da Haurtzaroaren Nazioarteko Eguna, eta horri lotuta askotariko ekitaldiak izango dira Zarautzen.  Haurrak Hezteko Dekalogoa banatuko dute ikastetxeetan.  

Aurten lehenbiziko aldiz ospatuko dute Haurren Eguna Zarautzen. Astelehena, azaroaren 20a, Haurtzaroaren Nazioarteko Egu­na dela aprobetxatuz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Gizarte Zerbitzuak eta Gazteria Sailak. «Alde batetik, jai giroan ospatu behar dugu, haurren eguna delako. Baina, beste aldetik, haurtzaroaren eskubideak aldarrikatzen dira egun horretan», gogoratu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Gloria Vazquezek: «Zoritxarrez, haur eta adingabe askok, gehiegik, ez dituzte oraindik ere beren eskubideak bermatuta. Beraz, ospatzeko eguna da, baina baita haurren eta gaztetxoen eskubideak aldarrikatzekoa ere».

Bi ideiak uztartu nahian, gaur bi dokumentu banatuko dituzte Zarauzko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako geletan: batetik, haurren eskubideen inguruko hitzarmena jasotzen duen posterra, eta, bestetik, Haurrak Hezteko Dekalogoa. Lehenbizikoa Save the Children elkarteak osatu du, eta Gizarte Zerbitzuek ikastetxeetan horren edukia lantzeko eskatu du, haurren eskubideei buruzko hausnarketa bultzatze aldera.
Haurrak Hezteko Dekalogoa Begoña Ibarrola psikologoa, haurren terapeuta, haurrentzako liburuen idazle eta adimen emozionalean adituak osatu du, Gizarte Zerbitzuetako ordezkariek propio eskatuta. «Gure helburua da hezteko ereduak eskaintzea hezitzaileoi, bai guraso eta baita irakasleoi ere, gure eguneroko zereginetan laguntzeko», adierazi du Vazquezek. Dekalogoa zentroetan jarriko dute ikusgai, interesa duen edonork kontsulta dezan.

Igande honetan izango da ospakizun nagusia. Hain zuzen ere, kalejira antolatu dute egun horretarako. Lege Zaharren enparantzatik abiatuta, kalez kale ariko dira herritarrak trikitilariekin eta Zarauzko erraldoiekin eta buruhandiekin batera. Datorren asteazkenean, azaroaren 22an, Ibarrolaren hitzaldia izango da. Haur zoriontsuak nola hezi? galderari erantzuten saiatuko da, 18:00etatik aurrera, Antoniano aretoan.

Ludotekaren irekiera festa

Haurtzaroaren Nazioarteko Egunarekin lotuta, ludotekaren irekiera festa ere izango da astelehenean, azaroaren 20an. Nekane Iribar Hezkuntzako zinegotziak gogoratu du duela aste batzuetatik dagoela zabalik, eta astelehenerako hainbat jarduera antolatu dituztela. Txapak egiteko tailerra izango da, baita gurasoek beren seme-alabekin jolas dezaten dinamikak ere. Era berean, ludotekako gazte talde batek prestatutako bertsoak entzuteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Halaber, festa baliatuko dute ludotekaren izena eta logoa zehazteko lehiaketaren irabazlea aurkezteko. Festa 16:45etik 19:30era izango da, ludotekan bertan.

Egitaraua

  • Azaroak 19, igandea. 12:00etan, kalejira egingo dute Lege Zaharren enparantzatik hasita, trikitilariekin, erraldoiekin eta buruhandiekin. 
  • Azaroak 20, astelehena. Ludotekaren irekiera festa, 16:45etik 19:30era. Jolasak, tailerrak, bertsoak eta ludotekaren izena eta logoaren lehiaketaren irabazlearen aurkezpena.
  • Azaroak 22,  asteazkena. 18:00etan, Haur zoriontsuak nola hezi? hitzaldia, Begoña Ibarrolaren eskutik, Antoniano aretoan.