Saltokiek izena eman dezakete Gabonetako erakuslehio lehiaketan

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 21a, 10:23
Iazko Erakusleiho Lehiaketako sari banaketa ekitaldia (Hitza).

Izena abenduaren 9a baino lehen eman behar da Turismo bulegoan.

Herriko establezimendu komertzialei zuzenduta, Gabonetako XXXIV. Erakuslehio Lehiaketa antolatu du Zarauzko Udalak, Turismo sailaren bitartez eta Murkil dendari elkartearen laguntzarekin. "Horrelako ekitaldiak ospatzen jarraitzea garrantzitsua da herria Gabon giroan murgiltzeko. Izan ere, lehiaketaren xedea horixe da: Zarautzen Gabon giroa sustatzea erakusleiho erakargarri eta originalak sortuz”, azpimarratu du Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak.

Lehiaketan parte hartu nahi duten saltokiek Turismo bulegoan eman beharko dute izena abenduaren 9a baino lehen, 943-83 09 90 telefono zenbakira deituta; eta informazio gehiagorako ere bertara jo daiteke. Parte hartzaileek abenduaren 10etik urtarrilaren 6a bitartean eduki beharko dituzte apainduta beren erakusleihoak.

Epaimahaiak sariak ematerakoan irizpide hauek izango ditu kontuan: erakustokiaren aurkezpena, salgai diren artikuluen erakusketa erakargarria eta, azkenik, apainketaren originaltasuna, Gabon garaia dela kontuan izanik. Erakusleiho onenari oroigarria eta 600 euroko saria emango zaio, eta Murkil elkarteak, bestalde, beste erakusleiho bat sarituko du 300 eurorekin. Gainera, epaimahaiak aipamen bereziak emateko aukera izango du.