39. Bikote Mistoen Lasterketa

Urratsez urrats, binan-binan

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 29a, 09:57
Hainbat bikote Musika plazan helmugaratzen, iazko Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketan (Aiora LarraƱaga Solaberrieta).

Zarauzko 39. Bikote Mistoen Lasterketa jokatuko dute igande honetan, 11:30ean hasita. Urola Kostako Kros Mistoen II. Txapelketako azken lasterketa izango da.

Igandean jokatuko dute Zarauzko 39. Bikote Mistoen Lasterketa. Urola Kostako Kros Mistoen Txapelketaren barruan jokatuko dute, Azpeitikoa, Errezilgoa eta Ezkiokoaren ondoren; txapelketako azken proba izango da, gainera. Duela hilabete pasatxo hasi zuten lehia Azpeitiko probarekin, eta aste honetan emango diote bukaera herrian.

Zarauzko probarako izen ematea aspaldi zabaldu zuten, baina horretarako epea ez da bukatu. Beraz, parte hartu nahi dutenek herrikrosa.eus webgunearen bitartez egin beharko dute; izan ere, Helmuga Kirolak dendan egiteko aukera atzo bukatu zen. Webgunean, berriz, probaren bezperara arte eman daiteke izena; abenduaren 2ra arte, alegia. Bikoteko 25 euro ordaindu beharko dira; egunean bertan ere eman ahalko da izena, baina, kasu horretan, bikoteek 30 euro oraindu beharko dituzte.

ZKEko Atletismo sailak 600 parte hartzaileetan jarri du parte hartze muga, eta webgune bidez jada 450 bat bikotek eman dute izena. Guztira, 7,5 kilometro egingo dituzte bikoteek, Aritzbatalde udal kiroldegi aurretik 11:30ean hasi eta Musika plazan amaituz, herriari itzuli txiki bat eta bi handi eman ondoren. Korrikalariek gehienez ere ordubete izango dute ibilbidea osatu eta helmugaratzeko.


Euskararekin bat

Zarauzko 39. Bikote Mistoen Lastekertaren datak bat egingo du aurten Euskararen Egunarekin. Hori dela eta, dortsalek  Euskarak 365 egun leloa ere eramango dute, bikote parte hartzaile bakoitzari egokituko zaion zenbakiaz gain.  Antolatzaileek jakitera eman dutenez, bi egunetan banatuko dituzte dortsalak Aritzbatalde pilotalekuan: larunbatean, 18:30etik 20:30era, eta proba egunean bertan, berriz, 08:30etik 10:00etara.
Izaro Rubio eta Mitxel Cuadrado ordiziarrak izan ziren iazko txapeldunak.