Astelehenean hasiko dira Modelo aretoa eraberritzeko lanekin

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 8a, 09:00
Nekane Iribar Kultura zinegotzia eta Xabier Txurruka alkatea besaulki berriak aukeratzen. (Zarauzko Udala)

Eserleku gehiago jarri, goiko solairua egokitu, berogailu zein aireztatze sistemak berritu eta hustualdi irteerak atonduko dituzte, besteak beste. 24 aste inguru iraungo dute lanek.

Azaroaren bukaeran itxi zuten Modelo, aretoaren barrualdea eraberritzeko lanetarako prestatzeko. Hain justu ere, astelehen honetan hasiko dira obrekin, eta hainbat esku hartze egingo dituzte. Teilatua osorik berrituko dute, termikoki isolatuko dute eraikina eta berogailu zein aireztatze sistema egokiak instalatuko dituzte. Horrekin batera, instalazio elektrikoa egokituko dute eta behe solairuko nahiz lehen solairuko komunak berrituko dituzte.

Eserleku berriak ere jarriko dituzte, eta segurtasunari lotuta, hustualdi irteerak-eta egokituko dituzte, bide batez, irisgarritasuna bermatuz. «Aretoaren edukiera gaur egun mugatua da, 200 pertsonentzat dago tokia; izan ere, segurtasun neurriak medio, beheko solairua soilik ireki daiteke», azaldu du Nekane Iribar Kultura zinegotziak.

Obra horiekin segurtasun arazoak konponduko dituztela aurreratu du Iribarrek, eta 440 bat pertsona hartzeko egokituko dutela aretoa. Lanak amaitzean 246 lagunentzat eserlekuak izango dira beheko solairuan, eta beste 192 anfiteatroan, lehenbiziko solairuan. Halaber, aretoko zoladura guztiz berriztatuko dute, oholtza berria jarri eta artistentzat jantzigelak atondu.

24 astez lanetan

Modeloren birgaitze partzialaren proiektua IHG estudioak burutu du, eta Zarauzko Udalak Goitu Eraikuntzak S.L. enpresari eman dio lanak egiteko ardura, 815.318, 10 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Lanek 24 aste iraungo dute eta, horrenbestez, aurreikusi dute datorren udako prest izango dela areto berritua.

«Zarauzko Udaleko Kultura sailak eskaintzen duen egitarau zabalari eta anitzari, zinema komertzialari eta herriko askotariko eragileek antolatzen dituzten ekitaldiei esker erantzun oso ona jaso ohi du kultur espazio honek», nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. «Bizitza handia du eta astero ehunka lagun erakartzen ditu».

Hori horrela, «lehentasuntzat» jo du Modelo eraberritzea. «Agintaldi honetan udal ekipamenduak, kultur arlokoak zein kirolari lotutakoak, hobetzeko apustu sendoa egin dugu. Zentzu horretan, Modelo aretoa hobetzeko garaia heldu da. Eskaintza kulturala zabaltzeko aukera eskainiko digu honek, eta bertaratzen diren guztiak egungo trabarik gabe ekitaldiekin gozatu ahal izango dute», azaldu du.

«Abuztuan aurreratu genuen urtea amaitu aurretik hasiko ginela herriaren bihotzean dagoen eraikin enblematikoa berritzen eta esandakoa beteko dugu», gogoratu du Txurrukak. Zentzu horretan, Modelo eraberritzen hasiko diren egun berean, astelehenean, 2018rako aurrekontuen inguruko osoko bilkura izango dela adierazi du. «Datorren urtea potente dator eta agintaldiko bi urte eta erdi hauetan egindako lanaren fruituak ikustea espero dugu», dio alkateak.