Gabonak

Hossain Kaanache eta Maria Tuñon garaile San Silvestre lasterketan

Aritz Mutiozabal 2018ko urt. 1a, 09:20
Hainbat lagun atera ziren lagunartean eta mozorroturik korrika egitera (Aritz Mutiozabal).

530 bat lagunek hartu zuten parte helduen proban, nahiz eta eguraldiak gehiegi ez lagundu. Haurren lasterketan, berriz, Julen Ezeiza eta Marina Ansoalde nagusitu ziren.

Goizean eguraldiak eutsi egin bazion ere, arratsalderako euria hasi zuen, eta horrek nolabait haurren San Silvestre lasterketa baldintzatu zuen. Iaz baino parte hartzaile gutxiagorekin, baina 60 neska-mutiko animatu ziren Alde Zaharrari itzulia ematera, 17:00etan hasita. Helmuga zeharkatzen lehenak Julen Ezeiza eta Marina Ansoalde izan ziren.

Ordubete geroago jokatu zen helduen proba. Kasu honetan euria ez zen aitzakia izan herritarrentzat. Mozorrotuta, lagunartean, lehiarako prest... Edozein modutara izanda, 530 lagun inguruk hartu zuen irteera Musika Plaza eta Ipar kalea lotzen dituen izkinatik. Herriari bi itzuli eman eta 4 kilometroko ibilbidea osatu ostean, Hossain Kaanache izan zen garaile gizonezkoetan, eta Maria Tuñon emakumezkoetan.

Urtero bezala, jende ugari atera zen kalera Antoniano Kirol Elkarteak antolatzen duen lasterketa ikustera eta korrikalariak animatzera. Aurten, batez ere, Gorka Uzkudunek jaso zituen txalo zaparradarik gehien, eta antolatzaileek bere ahalegina aitortu zioten sari berezi bat emanez.

Lehen hiru gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat ez ezik, bestelako saririk ere izan zen: alde batetik, mozorro onenaren saria jaso zuten Patxi eta Mikel Contrerasek, eta, bestetik, Ibai Beraziertok eta Amaia Zabalak opari berezi bana jaso zuten Edurne ile-apaindegi aurretik igarotzen lehenak izateagatik. Era berean parte hartzaileen artean opariak zozkatu zituzten.

Helduen sailkapenak
Emakumezkoak
1. Maria Tuñon
2. Alaitz Oruesagasti
3. Amaia Zabala

Gizonezkoak
1. Hossain Kaanache
2. Ibai Berazierto
3. Iban Rodriguez

Haurren sailkapenak
Neskak
1. Marina Ansoalde
2. Ane Gurrutxaga
3. Elene Fresco

Mutilak
1. Julen Ezeiza
2. Iker Gurrutxaga
3. Ibon Goya

Erlazionatuak