Ramon Olasagastik irabazi du Lizardi Saria bigarren aldiz

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 4a, 14:00
Ramon Olasagasti idazlea.

2013an Sugaar lanagatik saritu zuten Berrobiko idazle, eta, oraingo honetan, Sasiolako errotaria lanagatik. Bi plano tenporal uztartzen dira ipuin berrian, eta "misterioa, fantasia eta beldurra" presente daude.

Hamalau lan aurkeztu dira XXXVI. Lizardi Sarira, eta epaimahaiak nabarmen egin du Ramon Olasagastiren Sasiolako errotaria lanaren alde. Honakoa ez da Berrobiko kazetari eta itzultzaileak Zarauzko Udalak antolatzen duen saria irabazten duen lehen aldia; izan ere, Sugaar ipuinagatik saritu zuten 2013an.

Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Alex Gurrutxaga eta iazko garaile Leire Bilbaok osatu dute epaimahaia, eta aipatu kideek azaldu dutenearen arabera, "misterioa, fantasia eta beldurra elementu klabeak dira lehen lerrotik. Errealitatearen eta fantasiaren arteko mugan mugitu dira gure herrietako pasadizo eta istorioak, egia eta gezurra natural-natural konbinatuz. Sasiolako errotariak ere halaxe egiten du, ahozko tradizio aberatsa literatura idatziaren planora ekarriz".

Bi narratzailerekin jolastuz, bi plano tenporal lotzen ditu ipuinak: batetik, XX. mende erdian Sasiolako errotan desagertu zen Jatsu gaztearen istorio iluna, eta bestetik, gaur egungo gertaera bat, Ander gazteak biziko duena. puinak aurrera egin ahala, bi planoak uztartzen joango dira: Jatsuri gertatutakoak eta Anderrek bizitzen duenak aukera ematen dio idazleari laguntasuna eta bullinga, beldurra eta ausardia, mendekua eta damua jorratzeko.

Halaber, hizkuntzaren "erabilera eraginkorra" nabarmendu dute epaimahaikideek: "Euskarak hamaika kolore har ditzake, eta ipuin honek hori erakusten du: hizkera aberatsa ez ezik, eraginkorra eta txispaduna da, hizkuntzaren errekurtsoak naturaltasun eta graziaz aprobetxatzen dituena, narrazioa behartu gabe".


Sari banaketa, apirilaren 23an

Olasagastik 4.000 euro saria jasoko du, eta bere lana argitaratuko diote. Udalak liburuaren 2.500 ale banatuko ditu doan herriko ikastetxeetan. Sari banaketa ekitaldia apirilaren 23an izango, Xabier Lizardiren jaiotzaren urteurrenarekin bat eginez, eta argitalpena ere egun horretan kaleratuko dute.

Kultura zinegotz Nekane Iribarrek Lizardi Sariak euskarazko ipuingintzan duen garrantzia gogoratu du, "historikoki erakusleiho bikaina" dela azpimarratuz. Sariaren helburuetako bat gazteen artean irakurzaletasuna piztea dela gaineratu du, eta "ziur nago Olasagastiren lanak helburu hau betetzeko bideari helduko diola".