zarauzkohitza.eus

Anjel Lertxundi: «Nobela batek beti dauka atzean beste nobela bat»

Iñigo Astiz / Berria.eus 2018-01-10 11:27   Politika
Kaleidoskopio batekin parekatu du Anjel Lertxundik bere ibilbidea, eta Horma eleberria aipatu du frogatzat. Protagonistak bezala, nahasian aipatzen ditu idazleak ere literaturari, politikari eta historiari buruzko gogoetak. Iñigo Astiz kazetariak Anjel Lertxundi idazlea elkarrizketatu du Berria egunkarirako.
Anjel Lertxundi: «Nobela batek beti dauka atzean beste nobela bat»
Anjel Lertxundi idazlea (Aritz Mutiozabal). | Ikusi handiago | Argazki originala

Laino moduko batean murgiltzen irudikatu du bere burua Anjel Lertxundi idazleak (Orio, Gipuzkoa, 1948). Aitortu duenez, intuizio sotil bati jarraika idatzi ditu bere azken nobelak: plan zehatzik gabe eta norabide itxirik ezarri gabe. Lanbropean lanbro hari bat topatu nahian bezala: idazten duenak erakusten dio nondik jarraitu. Hala aritu zen bere emaztearen gaixotasuna oinarri zuen Zu nobela idaztean, eta hala aritu da orain ere Horma izeneko eleberriarekin (Erein). Alzheimerrak jotako amari mintzo zaion itzultzaile baten barne jarioak gidatzen du kontakizuna oraingoan, eta protagonistaren ahotsean nahasian doaz literaturari, politikari eta giza harremanei buruzko gogoetak. Maite du laino hori Lertxundik.

Ama alzheimerdunari mintzo zaio narratzailea nobelan, baina ez du erantzunik espero. Hala dio berak ere: «Nire erabakia da zuri hitz eginez, neure buruarekin aritzea». Literaturaren metafora bat al da?
Paper zuria ere horma bat da. Nik oso gutxitan planifikatu dut aurrez nobela zer izango den, nondik nora joango den eta abar. Gehiago abiatzen naiz intuizio batetik edo eskema labur batetik edo flash batetik, eta gero ea horrek zer ematen didan. Orri zuri horretan zuk hasieran erdi ikusi edo erdi intuitu edo erdi erabaki dituzun gauza askok beste bide bat hartzen dute. Kasu honetan, adibidez, nobela idazten hasi nintzenean, oso gauza gutxi argi nituenean, egoskortzen hasi zitzaidan pertsonaia bat, nik ia kalkulatu ere egin ez nuena, eta pertsonaia hori da aitarena. Aitak pisu asko hartzen du hasieran. Ez neukan kalkulatua, baina funtzionatzen zidan, eta horrelaxe eutsi nion. Neska-laguna eta ama kalkulatuak nituen, baina aita ez.

Beti idatzi izan duzu horrela?
Hamaseigarrenean aidanez, adibidez, ez. Gaztetan etxean entzun nuenetik nuen buruan istorioa, baina ez nion modurik aurkitzen. Nire buruan beti zebilen pertsonaia nagusia, kostunbrismotik hurbil, baina ez ninduen asetzen. Eta, halako batean, Zarauzko emakume bati gertatutako zirkunstantzia batzuengatik, neure buruari galdetu nion nolakoa ote zen protagonistaren atzean zegoen emakumea, eta aldaketa horrek egin zuen liburua posible. Fokua emakumearengan jarri nuenean abiarazi nuen nobela. Baina egia da nobela bakoitza nobela bat dela, eta, nire kasuan, nola beti ahalegindu naizen neure nobela bakoitza aurrekoez ezberdina izan dadin, are argiago gertatzen da hori. Edo nobela bat idazten duzu zure bizitza osoan, edo idazten dituzu nobela batzuk.

Eta zein da aldea?
Beti nobela bat idaztea da obsesio eta mundu ikuskera oso berdin batean kokatutako liburuak idaztea, beti mundu jakin bat eskaintzen ari direnak, nahiz eta istorioak ezberdinak izan. Eta bestea litzateke kaleidoskopio baten gisa funtzionatzen duen traiektoria literario bat egitea.

Eta kaleidoskopioa zara zu?
Bai. [Barrez] Gainera, horrela nik jartzen badut eskema, errazago dut nonbait sartzea. Ea zer antzekotasun dagoen Horma honen eta Otto Pette-ren artean, adibidez.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa