Salberdinen babes ofizialeko etxea erosteko asmoa dutenek berretsi egin beharko dute eskaera

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 18a, 12:46
Salberdin eremua, bertako eraikinak eraitsi ondoren.

Eskatzaileek urtarrilaren 18tik otsailaren 15era baieztatu beharko dute eremu horretan eraikitzekoak diren 120 etxeetako bat erosteko asmoa dutela.

Amenabar enpresak babes ofizialeko 120 etxebizitza eraikiko ditu Salberdin eremuan, 2020. urtea bitartean. Esleipen prozeduran parte hartu nahi duten eskatzaileen zerrenda helaraziko dio Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak sustatzaileari. Hori horrela, Etxebiden Zarautz eta Azpeitia artean etxebizitza erosteko eskaria egin dutenek eta Salberdinen eraikitzekoak diren babes ofizialeko 120 etxebizitzetako bat eskuratu nahi dutenek baieztatu egin beharko dute oraindik ere horretarako asmoa dutela.

Urtarrilaren 18tik otsailaren 15era bitartean egin beharko da hori, bi datak barne. Ondoren, otsailaren 21ean Etxebideren atarian zein Gipuzkoako Zuzenean Zerbitzuko iragarki taulan (Andia 13, behea PK 20004 - Donostia) argitaratuko dute zozketan parte hartuko dutenen zerrenda.

Eremu horretan babes ofizialeko 120 etxe egitea aurreikusi dute: 67 etxe hiru logela eta bi komunekin; 41 bi logela eta komun batekin; zazpi logela eta komun bakarrarekin eta beste bost egokitu, bi logela eta komun batekin. Etxe txikienek 121.145 euro balioko dute eta handienek, berriz, 179.364 euro. Sustapen horren inguruko zabalagoa Etxebideren atarian eskura daiteke, lotura honetan.