Pilartxo Eneako parkea eraberritzen hasi dira

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 17a, 15:57
Gaur hasi dira Pilartxo Enea haur parkeko lanekin.

Gomazko lur berria jarriko dute eta hainbat jolas ordezkatu. Lanek lau aste iraungo dute.

Haur parkeak eraberritzeko planaren barruan burutuko dituzte Pilartxo Eneako lanok. "Herrilan sailetik Zarautzen eraberritu behar diren haur parke asko daudela antzeman dugu. Horregatik, aurten, hondatuta dauden haur parkeak berriengatik ordezkatuko ditugu, herriko haurren segurtasuna bermatzeko eta kalitatezko haur parkeak eskaintzeko helburuarekin", nabarmendu du Obra Txikietako zinegotzi Iban San Martinek. 

Electro Talleres Zarautz S.A. (Jolas) enpresa arduratuko da obrez. Batetik, gomazko lur zaharra kendu eta berri batekin ordezkatuko dute. Jakinarazi dutenez, berri iraunkorragoa izango da eta kolore bakarrekoa. Bestetik, hiru jolas berri jarriko dituzte: kulunka bat eta txirristadun bi jolas, bata handia eta bestea txikiagoa.

Aurreikuspenen arabera, lau astetan amaituko dituzte lanak eta 38.672,64 euroko aurrekontua izango du.