Bertso afari berezi bat Txiki Politen

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 18a, 09:00
Aitor, Asier eta Joseba Aldalur, bertso afariko kartelarekin (Utzitakoa).

Urtarrilaren 26rako antolatu du Txiki Polit pentsioak bertso afaria. 30 euroren truke eskuratu ahal izango dira bertso saiorako sarrerak, Txiki Politen bertan.

Urtarrilero antolatzen dute Zarauzko Txiki Polit jatetxean bertsozaleentzako hitzordua. Pello Aldalur jatetxearen nagusia zenak ilusioz antolatzen zuen lehen, eta Aitor, Asier eta Joseba semeek hartu dute aurten hitzordua antolatzeko lekukoa. Urtarrilaren 26rako antolatu dute aurtengo bertso afaria. Amaia Agirre ariko da gai jartzaile lanetan. Bertsotan ariko dira Igor Elortza, Sustrai Colina, Nahikari Gabilondo eta Agin Laburu bertsolariak.

Berezia zen Pello Aldalurrek Zarauzko Motxian bertso eskolako Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolariarekin zuen harremana: «Euskal kulturaz, politikaz eta bertsolaritzaz aritzen ginen eguerdiro Txiki Politen bertan. Garai batean asko kantatzea tokatu zitzaidan, eta eguneroko kafeaz gain, harreman handia egin genuen». Ez du gogoan Mantzizidorrek Txiki Politeko lehenengo bertso saioa, baina antolatzen denetik hogei urte inguru igaroko zirela uste du.

 
Besoak zabalik

Hitzordua antolatzeko urtero eskatzen zien aholkua Pello Aldalurrek bertso eskolakoei: «Zein dabil aurten topera bertso afarirako? Zeinek kantatu du zurekin?». Pertsonala zen Aldalurrek eta Mantzizidorrek zuten harremana, baina Aldalur beti egon zen Motxian bertso eskolakoei laguntzeko prest. Azken urteetan Pello Aldalurrek askotan utzi izan zien Txiki Polit bertso eskolak antolatutako ekimenetarako. «Elkarteetan-eta ezin izan ditugu horrelakoak antolatu, eta Txiki Politen beti izan ditugu ateak irekita», gogoratu du Mantzizidorrek. Aita ez ezik, Asier Aldalur semea ere bertsozalea da, eta horrek ere besoak zabalik hartu izan dituela aitortu du bertsolari zarauztarrak. Urtero ematen dizkiete Motxian bertso eskolako kideei bertso afarirako gonbidapenak.

2017an ospatu zuten Motxian bertso eskolaren hogeigarren urteurrena. «Hogeigarren urteurrena eta Pello Aldalurren heriotza, guztia batera tokatu zen. Orduan, bertso eskolaren aldetik detailetxo bat egiteko beharra sentitu genuen». Manu Urbietak koadro bat egin zuen, eta bertso bat idatzi zuen Mantzizidorrek, Motxian bertso eskolaren izenean. Pello Aldalurri egindako oroigarri hura Txiki Polit jatetxean dute jarrita gaur egun.

Aitaren omenezko bertso afaria antolatu nahi zuen aurten Asier Aldalurrek. Hala, Mantzizidorrekin jarri zen harremanetan; aitak egin ohi zuen bezala. Bi bertsolari gonbidatu dituzte orain arte afari saioetara; aurten, ordea, lau gonbidatzea proposatu zion Mantzizidorrek: «Bertsolari Txapelketa Nagusia puri-purian zegoela hitz egin genuen, eta saioa lau bertsolarirekin egitea proposatu nion, gai jartzaile eta guzti. Ideia gustatu zitzaion, zerbait indartsuagoa egite aldera».

«Proba hori egitera goaz aurten», azaldu du Asier Aldalurrek. Amaia Agirre bertsolaria eta bertso eskolako irakaslea izateaz gain, eskarmentu handiko gai-jartzailea da, eta hark izango du Txiki Politeko bertso afarian bertsolariei gaiak jartzeko ardura. Horretaz gain, Nahikari Gabilondo bertsolari zarauztarrak ere bertso afarian kantatuko du: «Oso txapelketa polita egin du Gabilondok, eta zarauztarra izanik, berarekin kontatu nahi genuen», azaldu du Asier Aldalurrek. Motxian bertso eskolako kide ere bada gaur egun Gabilondo.

Igor Elortza eta Sustrai Colina bertsolariek ere parte hartuko dute Txiki Politeko saioan: zazpi aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu du Elortzak, eta lau aldiz izan da final handian. 7 eskale taldearekin eta Gu ta gutarrak-ekin hiru disko atera zituen, bertsoa eta musika uztartuz sorkuntza lanean. Sustrai Colina bertsolari urruñarrak, aldiz, bitan irabazi du Xilaba Bertsulari Txapelketa, eta kazetaria izateaz gainera, bertso irakaslea da. Zorrotz aritu da azken Txapelketa Nagusian, eta hirugarrengo postua lortu du finalean. Plazetako bertsolaria izan arren, aurten txapelketa borobila egin du Agin Laburu astigarragarrak. Haren «txinpartak» giro ona sortuko duela uste du Asier Aldalurrek.

Asier Aldalurren hitzetan, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ondorengo bertso afaria beti izaten da indartsua. Bertso munduari bultzada handia ematen dio txapelketak, eta hurrengo  saioak beti dira arrakasta handiena izan dutenak. Jendea bertso gosez egoten dela uste du Asierrek. Txapelketaren ondorengo hilabeteetan bertsolarien agendak beteta egon arren, punta-puntako bertsolariak gonbidatu dituzte Zarauzko Txiki Politera.
 
Bertsozaleek saio eder bat gozatzeko aukeraz gainera, menu gozo eta oparoa izango dute afaltzeko. Txartelak Txiki Politen daude salgai, 30 euroren truke.

BERTSO AFARIA
Eguna: Urtarrilak 26, ostirala.
Ordua: 21:00etan.
Tokia: Txiki Polit jatetxea, Zarautz. (Musika plazan)
Antolatzailea: Txiki Polit jatetxea, taberna, pentsioa.
Gai jartzailea: Amaia Agirre.
Bertsolariak: Igor Elortza, Sustrai Colina, Nahikari Gabilondo eta Agin Laburu.
Afariko menua: Ezkur-iberikoaren besoa, Txibien entsalada epela, Idi-txuleta, Gazta-tarta, Edariak+kafea barne.
Bertso afarirako txartelaren prezioa: 30 euro.
Bertso afarirako txartelak salgai: Txiki Polit jatetxean.
Telefono zenbakia: 943-83 53 57.