Kudeatzaile Onenaren saria eman diote Maribi Leundari Fiturren

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 19a, 14:01
Xabier Txurruka alkatea, Ixidor LarraƱaga Turismo zinegotzia, Esther Facchin Turismo zuzendaria eta turismo bulegoko hainbat langile Fiturren; erdian, Maribi Leunda sariarekin (Zarauzko Udala).

"Lan asko egin ondoren" iritsi dela saria nabarmendu du Zarauzko Turismo Bulegoko langileak.

Sari berezi bat jaso du Zarautzek egunotan Madrilen egiten ari diren Fitur azokan. Kasu honetan modu pertsonalizatuan etorri da aitortza, Zarauzko Turismo Bulegoko langile Maribi Leundak Kudeatzaile Onenaren SICTED 2017 saria jaso baitu, eskualdean kalitatezko eskaintza bultzatzeagatik.

Helmuga turistikoko eragileen artean kalitatezko eskaintza eta kudeaketa turistikoaren hobekuntzarako hainbat programa sustatzen eta dinamizatzen aritu da Leunda azken urteotan. 2006an, Zarautzen programa pilotua jarri zuten martxan horretarako, ondoren eskualde osora zabaldu zutena. Kudeaketa horren bidez, Zarautz eta Urola Kosta kalitatezko helmuga turistiko nagusienen artean kokatu dira Estatu mailan.

"Sorpresa polita izan da eta oso pozik nago. Urte asko pasa dira proiektu honen aldeko apustua egin genuela eta oso gogor egin dugu lan. Lan asko egin ondoren saria iritsi da. Hau ez litzateke posible izango Jaione Fraile eta Yoana Azpitarte bezalako profesionalen aholkularitzarik gabe, ezta Zarauzko Turismo Bulegoko lankideen laguntzarik gabe ere. Beraz, Zorionak guztioi!”, adierazi du Leundak.

Zarauzko Turismo Bulegoko "ardatz estrategiko nagusienetako bat" da helmuga turistikoko kalitatea, Xabier Txurruka alkatearen arabera, eta "ibilbide profesionala" saritu dela nabarmendu du. "Zentzu honetan, bisitan etortzen diren guztiei kalitatezko zerbitzu bat eskaintzen jarraitu nahi dugu eta, horregatik, Kale Nagusian turismo bulego berritu eta modernoago bat zabaltzeko apustua egin dugu. 2018 urte honetan zabalduko dugu bulego berria, Mazako lokal zaharra egokitzen dugunean”, aurreratu du.