Sagardozaleen plaza handia

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 25a, 16:31

Urdairako ordezkari Patxi Azkonobieta, Izetako ordezkari Gotzon Iruretagiena, Turismo zinegotzi Ixidor LarraƱaga eta Zurekin elkarteko kide Igor Azpitarte eta Martin ArgiƱano (Aritz Mutiozabal).

Zurekin ostalarien elkarteak Zarauzko Sagardo Eguna antolatu du zortzigarren urtez, eta larunbat eguerdian ospatuko dute. Jabier Makazaga omenduko dute aurten.

VIII. Sagardo Eguna ospatuko dute larunbatean, denboraldi berriaren hasierarekin bat eginez. Aurten ere Zurekin ostalaritza elkarteak antolatu du egitasmoa, Zarauzko Turismo Bulegoarekin elkarlanean, eta Musika Plaza sagardozaleen bilgune bihurtuko du­te, 12:00etatik aurrera. «Urteko hitzordu finko bat bihurtu da Zarauzko Sagardo Eguna, eta ilusioz prestatu dugu aurten ere», nabarmendu du Zurekin elkarteko kide Igor Azpitartek. «Sagardozaleen plaza handia da Zarautz, eta aitzakia ederra da jai hau egiteko».

Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak jakitera eman duenez, zortzi sagardogilek hartuko dute parte ekitaldian: Aiako Izetak eta Satxotak; Adunako Aburuzak;  Astigarragako Lizeagak eta Petritegik zein Usurbilgo Aginagak, Saizarrek eta Urdairak. Era berean, herritarrak animatu ditu ekitaldian parte hartzera eta sagardoa dastatzera.

Izetako kide Gotzon Iruretagoienak eman ditu etxeko sagardoaren inguruko xehetasunak: «Aurten sagar asko izan denez, iaz baino gorputz gutxiagoa du sagardoak. Arinagoa da, baina edateko erraza da». Urdairako ordezkari Patxi Azkonobietak jakinarazi du aurten sagardozale bakoitzak hamabi botilako sei kaxa eskainiko dituela. Horrenbestez, ia 600 sagardo botila izango dira herritarren nahiz bisitarien gozagarri, Musika Plazan sagardogileentzat atonduko dituzten postuetan.

Urteroko dinamika bera izango du aurtengo ekitaldiak; hau da, 6 euroren truke nahi adina edateko edalontzia eta idi-txuleta pintxo bat eskuratuko dute bertaratzen direnek. Pintxoa aparte erosi nahi duenak 3 euro ordaindu beharko du. Haragia Baserria Km.0 ekimenak jarriko duela azaldu du Azpitartek.


Makazagari omenaldia

Urtero legez, sagardoaren jaialdia baliatuko dute herriko eragile bati omenaldia egiteko. Aurten, Javier Makazagari egingo diote aitortza. Azpitartek jakinarazi duenez, Gran Camping Zarautzeko arduraduna erretiratu berria da eta urte luzez egindako lan eskerga aitortuko diote.

Azpitarteren arabera, eguraldi kaskarra aurreikusi dute larunbaterako, baina aurreratu du «umore onez» girotuko dutela. Hori dela eta, atzoko aurkezpen agerraldian izan ziren guztiek bertaratzeko deia egin zuten, «giro polita» sortzen delako.