Les Filles de Illighadad taldeak kontzertua eskainiko du martxoaren 3an

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 30a, 17:43
Les Filles de Illighadad taldeko kideak zuzeneko emanaldi batean (Les Filles de Illighadad).

Putzuzulo gaztetxean ariko dira zuzenean, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Garoa liburu dendan.

Nigerreko Les Filles de Illighadad taldea Europako biran murgilduta dabil, eta otsailaren amaieran eta martxoaren hasieran zortzi kontzertu eskainiko ditu Espainiako estatuan eta Euskal Herrian. Horietako bat Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikan izango da, martxoaren 3an, 20:00­etan hasita, eta dagoeneko salgai jarri dituzte sarrerak. Garoa liburu dendan eros daitezke, 5 euroren truke.

Zarauzkoaz gain, Bilboko Kafe Antzokian eskainiko duen emanaldia izango da Euskal Herrian ikusteko parada bakarra; otsailaren 28an ariko dira zuzenean. Gainerako emanaldiak, berriz, ondorengo hirietan izango dira: Oviedo, Vigo, Madril, Sevilla, Huesca eta Bartzelonan, hain zuzen ere.


Illighadad herrixkatik

Fatou Seidi Ghalik gidatzen duen emakumezkoen musika taldea da Les Filles de Illighadad. Nigerreko erdialdean dagoen Illighadad izeneko herrixkatik datoz taldekideak; bustinezko etxez  eraikitako herria da, Tahoua eskualdetik gertu, eta Mendebaldeko baliabiderik eta luxurik gabe bizi dira bertan.

Musika taldea tende izenez ezagutzen den estiloa –bere sorterriko oinarrizko perkusiotik eratorritakoa– modernizatzen eta iraultzen ari da: abanguardia eta folklorea uztartzen dituen rock pertsonala jorratzen du, tuareg herri nomadaren aintzinako tradizioa gaur egunera egokituz, gitarra elektrikoarekin. Oro har, herri baten sentimenduak eta doinuak taularatuko dituzte, modu garaikidean nahiz ideia berritzaileekin.

Iazko urria bukaeran Eghass Malan izeneko diskoa eman zuen argitara, eta bertan zazpi abesti jaso zituzte. Lan horren aurkezpen biran etorriko dira Putzuzulo gaztetxera.