Open Lab Urola Kosta proiektua aurkeztuko dute gaur mankomunitatean

Zarauzko Hitza 2018ko ots. 5a, 10:39

19:00etan hasiko da aurkezpen ekitaldia, mankomunitateak Abendañon duen egoitzan. Proiektua azaltzeaz gain, hainbat tresna eta baliabide ikusi eta probatuko dituzte.

Open Lab Urola Kosta egitasmoa jarriko du martxan gaur 19:00etan UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak. Elkarlanerako lekua izatea nahi dute, eta esperimentatzeko, ikertu eta sortzeko, teknologia digitalak, makinak eta erramintak eta prototipoak egiten ikasteko antolatu dute, azkar fabrikatzeko makinak erabiliz. Bide batez, dibulgaziorako espazioa izatea nahi dute: tailerrak, ikastaroak eta workshopak ere antolatuko dituzte. Ezagutzak, asmoak eta ideiak partekatzeko eta ideia berriak sortzeko baliatuko dute ekimena; ekintzailetza sustatzeko.

Bailarako “hainbat eragile eta pertsonen eskariari erantzunez” sortu dute ekimena. UKUEk finantzatutako proiektua da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Herritar eta enpresa guztiei zabaldu diete parte hartzeko deialdia, eta fabrikazio azkarraren mundu digitalaren arloa ezagutu beharrik ez dagoela nabarmendu dute.

Otsailaren 5ean, astelehenean, aurkeztuko dute ekimena mankomunitatearen egoitzan; eta astelehentik ostiralera 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Larunbatetan, berriz, 10:00etatik 13:00etara irekiko ditu ateak.