Javi Agirre: «Uste nuen bihotza bularretik atera behar zitzaidala une horretan»

Aritz Mutiozabal 2018ko ots. 6a, 07:30
Javi Agirre argazki zuzendaria, Goya estatutxoa eskuetan duela (Aritz Mutiozabal).

Lehen aldia zen Zarauzko bizilagun Javi Agirre (Irun, 1975) Goya sarietarako izendatuta zegoela, eta larunbat gauean estatutxoa bereganatu zuen argazki zuzendari onenaren atalean, Handia filmean egindako lanagatik. Oraindik hunkituta jarraitzen du.

Ezustean etorri al da Goya saria ala pixka bat usaintzen zenuen lor zenezakeela?
Beti duzu gertatu daiteken itxaropen txiki bat. Egia da, sari tekniko guztiak lortzen ari ginela ikusi nuenean, agian niri ere emango zidatela pentsatzen ha­si nintzen. Inguruko guztiek  «Javi, ziur ematen dizutela!» esaten zidaten, eta hala izan zen.  Baina, behin saria emanda, oholtza gainera igo eta mikrofono aurrean jarri behar duzu, eta horretara ez nago ohituta. Niri atzean egotea gustatzen zait. Eskerrak zerbait koherentea esan nuela, momentu horietan ez nintzen pentsamendu garbirik edukitzeko gai.

Diskurtsoa prestatuta eraman al zenuen etxetik?
Ez, ez... Ez nuen ezer prestatu, ze gero ez baldin badizute saria ematen, hori da hori atsekabea. Esan nahiko nukeenaren nolabaiteko egitura bat pentsatu nuen, eskerrak emateko. Zuzendariei eman nizkien, baina, adibidez, Moriarti eta Irusoin ekoizpen etxeak aipatzea ahaztu zitzaidan. Gutxi gorabehera, ahal nuena egin nuen une horretan, oso hunkituta bainengoen.

Zer sentitu zenuen zure izena esan zutenean?
Zin dagizut uste nuela bihotza bularretik atera behar zitzaidala. Taupaka ari zitzaidan oso indartsu, eta ikaragarri nabaritzen nuen. Eskaileretatik korrika jaitsi nintzen, «hau guztia lehenbailehen amaitu dadila» pentsatuz nire baitan. Ilusio handia egiten dizu, baina une jakin horretan, jende horren guztiaren aurrean errespetua ematen dizu, eta  lagundu zaituzten guztiei eskaini nahi diezu. Azken finean, filma lan kolektibo bat da, eta hamar Goya sari eskuratzea talde lanaren emaitza da.

Hamahiru izendapen lortzea jada arrakasta itzela baldin bazen, hamar estatuatxo eskuratzea are gehiago, ezta?
Hala da, bai. Gainera, guk geure dramak egin genituen: «Ikusiko duzu, Almodovarri bezala, ezer gabe utziko gaituzte! Baina bejondeigula, hamahiru izendapenekin gustura baikaude!». Inoiz ez genuen pentsatu hamar Goya sari lortuko genituenik, ezta hamahiru izendapen ere. Handia filmarekin egiten dugun urrats bakoitza are ikaragarriagoa izaten ari da. Gauza bera iritzi diot aurretik egindako Loreak filmari buruz, Goya eta Oscar sarietarako izendatua egon zelako. Hura itzela izan bazen, oraingoak orduko dena gainditu du. Sekulakoa da guretzat, behe-behetik gatozenontzat.

Euskal zinemagintzak konplexurik ez duela erakusteko modua izan al da?
Bada, agian, bai! Egia da hemen beti ekoizpen txikiak egin direla, baina izan dira arrakasta izan duten film apalak. Noizbait gerta zitekeela pentsatzen genuen, baina ez genuen uste hori lortzeko gai izango ginenik. Azkenean, istorio onak behar dira, eta erakutsi dugu gauza oso onak egiteko gaitasuna dugula, beste batzuek darabilten bezainbesteko dirurik gabe.

Argazki zuzendari bezala, zein izan da zure erronka Handia garatzeko orduan?
Filmaren erronka nagusia, bai nirea bai lantaldearena, pertsonaia bera sortzea izan da. Hain zuzen ere, nola bilakatu pertsona normal bat erraldoi eta sinesgarri bihurtu. Gauza oso zailekin hasi ginen, perspektiban zeuden dekoratuekin, optika ezberdinekin jokatuz... Eremu oso konplexu batean murgildu ginen, eta ohartu ginen trikimailu artisauek kasik emaitza hobeak ematen zituztela, baita errazagoak, ekonomikoagoak eta azkarragoak zirela ere. Eta halaxe egin genuen: pladurrezko akuilu-makuiluak erabili genituen, ordezko eskuak eta modu artisauan landutako trikimailuak. Gauzarik koplexuenetik eta aldrebesenetik hasi ginen, eta, azkenean, gauzarik xumeenek ongi funtzionatzen zutela ikusi genuen.

Eta, gainera, nabarmen funtzionatu du.
Bai, funtzionatu du. Mundu guztiak zoriondu gaitu inor ez delako konturatu erabilitako efektuez. Eta baditu efektu digitalak; efektu digitalen arduradunak esan zigun lehenengo gauza izan zen efektuak sartzea saihestu behar zela. Beraz, naturalitatea gailentzen da, eta efektuak erabili ditugu buruaren tamaina handitzeko. Gainerako plano orokorrak ordezko batekin egin genituen, Bartzelonan bizi den 2,30 metro dituen aljeriar batekin. Horrez gain, Eneko Sagardoyk egin duen lana sekulakoa da, eta ge­hien merezi duena bera izan da.

Zer moduz daramazu Goya Sarien ondorena?
Errekuperatzen, oraindik ere. Hunkituta eta urduri jarraitzen dut. Oraindik aje emozional handiarekin... Ez dakit gai izango naizen jaso ditudan mezu guztiei erantzuteko aste honetan. Izan ere, mezu tsunami bat jaso dut... Ikaragarria izan da!

Igandean ongietorria egin zizuten Vista Alegre auzoan...
Sekulakoa izan zen, bai. Ez nuen inolaz ere ongietorririk espero. Banekien Vista Alegreko auzo elkartekoek sari banaketa ekitaldia jarraitu zutela, eta pentsatzen nuen norbait egongo zela, Zarauzko familiakoak-eta, baina inondik inora ere ez suziriak jaurtiz eta Agurra dantzatuz. Zoragarria izan zen, oso polita eta emozio handikoa, baita Gari Berasaluzek egindako bideoa ere.

Pixka bat egunerokora itzulita, une honetan zer proiektutan zabiltza lanean?
Bi film bukatzen ari naiz une honetan: alde batetik, Koldo Almandozen Oreina eta, bestetik, Telmo Esnalen Dantza. Gainera, azken proiektu horretarako zatiak filmatzen aritu ginen duela gutxi Torreoian, eta orain posprodukzio fasean dago. Dantza oso film berezia da, eta bisualki oso ederra bezain ikusgarria. Esnalek lan  handia egin du. Bestalde, Oreina filma Aginagan eta Orion filmatu dugu, baita zatitxo batzuk Zarautzen ere