"Urteko sasoi honetan ohikoa da itsas txakurrak hondartzetara gerturatzea"

Onintza Lete Arrieta 2018ko ots. 8a, 13:28

Atzo kanalean bistaratu zuten itsas txakurra

Atzo Zarauzko hondartzan itsas txakur bat agertu zen, eta gaur Getarian ere ikusi dute. Ambar elkarteak ezin du ziurtatu animalia berbera denik, baina eskatu du bakean uzteko eta ez ukitzeko.

Ambar itsas faunaren ikerketa eta babeserako elkartea da, eta atzo SOS Deiak beraiekin harremanetan jarri zen, jakinarazteko itxas txakur bat zegoela Zarauzko hondartzan. Gaur Getarian ikusi dute animalia bera edo antzeko beste bat. Ambar elkartearekin jarri da harremanetan HITZA, eta Leire Ruiz lehendakariak azaldu du ohikoa dela itsas txakurrak hondartzetara gerturatzea urteko sasoi honetan. "Olatu handiak eta haize gogorra izaten dira otsail aldean, eta itsas txakurrak babes bila gerturatzen dira kostaldera eta hondartzetara".

Lauzpabost hilabeteko animaliak izan ohi dira, amagandik banandu direnak jada, eta egin ohi duten bidaian geldialdia egiten dutenak. "Atsedena hartzera eta lehortzera etortzen dira, gero beren bidaiarekin jarraitzeko", azaldu du. Gaineratu du orain arte ikusi dituztenak egoera onean daudela pisuari dagoenez, eta zauririk ez dutela. Horregatik, eskaera argia egin du Ruizek: "Eskatzen dugu animalia hauek bakean uztea eta ez ukitzea. Prest daudenean, beraiek sartuko dira uretara". Ambar elkarteak ere ez du esku hartzen. "Bada ez bada adi egoten gara, eta animaliaren bat gaixo edo ahul ikusten badugu, orduan eramaten dugu errekuperazio zentro batera".

Getarian agertu den itsas txakurraren bideoa ikusgai dago urolakosta.hitza.eus webgunean.